Ekonomia -

Goi-bilera ekonomikoa Bilbon

Ertzaintzak zazpi pertsona atxilotu ditu Bilboko istiluetan

Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzetan, talde bandalikoek protesta sozial "legitimoak kutsatu" dituzte "ezin zurituzko indarkeriaren" bidez.

Edukiontziak errepidera bota dituzte. Argazkia: eitb.com
Edukiontziak errepidera bota dituzte. Argazkia: eitb.com
Kaputxadun talde batek su eman die Alde Zaharreko zenbait edukiontziri

1:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zazpi pertsona atxilotu dituzte, eta beste bat inputatu dute gaur, astelehena, Bilbon, ELAk eta LABek eta beste 50 bat erakunde sozialek deitutako manifestazioa egiten ari ziren bitartean, goi-bilera ekonomikoaren aurka protesta egiteko. Gainera, Ertzaintzak 50 lagun identifikatu ditu.

Azken istiluak 16:00ak aldera jazo dira; kaputxadun talde batek su eman die Alde Zaharreko zenbait edukiontziri eta Posta kaleko denda bati eraso egin dio. Gainera, pintura gorria bota dute banku baten erakuslehiora, Segurtasun Sailak zabaldu duenez.

Radio Euskadik jakinarazi duenez, manifestazioaren aurrealdean normaltasuna zen nagusi, baina atzealdean istiluak izan dira. Erasoak izan dira eta burua estalita zuten hainbat pertsonek harriak bota dituzte hainbat dendaren aurka. Ertzaintza ez zaie oldartu, eta suhiltzaileek bertaratu behar izan dute, hainbat edukiontzi erre baitituzte Bilboko Kale Nagusiko 44. zenbakiaren parean.

Istiluetan, ertzain bat zauritu dute eta beste hainbat agente makatu dituzte.

Zara, Desigual, Mango eta El Corte Ingles saltokietako beirateak apurtu dituzte, harriak eta estoldetako piezak jaurtiz. Ezezagun talde batek harriak bota ditu Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzaren egoitzaren aurka, Moyua plazan. ETBko kameralari bati ere eraso egin diote.

Manifestariek burdinezko barrak eramaten zituzten eta objektuak eta margoa bota dituzte hainbat banketxeren aurka: BBK, Santander eta Barclays, besteak beste. Gainera, Renaulten lehioa eta Villa de Bilbao hoteleko kafetegikoa ere apurtu dituzte.

Jesusen Bihotza plazatik irten den manifestazioak "Troika eta bere konplizeak, go home" leloa zuen. "FMI, lapurrak" eta "Troika, kanpora" oihukatu dute manifestariek.

Bizkaibuseko 20 bat autobusetan pintadak egin dituzte manifestariek. Mungian, Galdakaon, Berriatuan, Durangon, Larrabetzun, Getxon eta Barakaldon pintadak egin dituzte autobusetan, baita Bilbon ere, Bizkaiko Foru Aldundiak agiri batean jakitera eman duenez.

Urkulluren gaitzespena

Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzetan, talde bandalikoek protesta sozial "legitimoak kutsatu" dituzte "ezin zurituzko indarkeriaren" bidez.

Istiluak "gogor gaitzetsi" behar dituzte ordezkari politiko, ekonomiko eta sozialek, Bilboko eta Euskadiko herritarrek erantzun hori "merezi" dutelako, adierazi du lehendakariak Facebook sare sozialean.

Era berean, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak liskarrak gaitzetsi ditu eta "talde bandalikoek" manifestazio "legitimoak giza ezkutu" gisa erabili dituzte salatu du.

Bilboko Udalak Bozeramaileen Batzordea egingo du astearte honetan, 11.00etan, kalteen eta istiluen inguruan eztabaidatzeko eta informatzeko.

Gune istiluetatik aldendu da

Gune plataforma goizean Bilbon izan diren istiluetatik urrundu da. "Manifestazioa legala" zela adierazi dute eta "guk deitutako legezko manifestazioaz baliatu egin dira beste pertsona batzuk, deialdiaren xedea ez ziren beste helburu batzurekin", esan dute.

Agiri batean, plataforma osatzen duten sindikatuek eta erakunde sozialek jakinarazi dute "Troikak buru duen politika gogorrak" salatzea zutela helburu, "langabezia, prekarietate eta pobrezia gehiago" sortzen dutelarik.

"Deitzaileek egiten zuten salaketa berresten dugu", adierazi dute. Horrela, "Guggenheim barruan daudenak salatzen" dituztela esan dute, "politika horiek eramaten dituztelako aurrera".

Amaitzeko, 19:00etarako deituta zegoen manifestazioa bertan behera utzi dute, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailak "ibilbidea aldatu eta betetzeko ezinezkoak diren baldintzak" ezarri ditutelako. Esan dutenez, "gertakarien erantzule" izango lirateke deitzaileak.

Elkarretaratzea Moyua plazan

Bestalde, 19:00ak aldera mila bat lagunek elkarretaratzea egin dute Bilboko Moyua plazan Goi-bilera Ekonomikoaren eta "troikaren politiken" aurka protesta egiteko.

"Troika go home. Euskal Herriko pobretzearen arduradunak" lelopean Iñigo Urkullu lehendakariaren, Ertzaintzaren eta bankuen eta Nazioarteko Diru Funtsaren aurka garrasi egin dute parte-hartzaileek.

Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean egin dute elkarretaratzea. Poliziak segurtasun-lerroa ezarri du, baina ez du zirkulazioa eten behar izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintzaren albisteak