Ekonomia -
Basauri
Euskal enpresak, munduko teleskopio handiena egiteko lehian
Munduko eguzki teleskopio aurreratuenaren egitura eraiki ostean, hiru aldiz handiagoa izango den beste teleskopio bat eraikitzeko lehiaketa irabazi nahi dute.
Erredakzioa
Euskal enpresa batzuek eraiki dute munduko eguzki teleskopio aurreratuena izango denaren egitura, eta orain hiru aldiz handiagoa izango den beste teleskopio bat eraikitzeko lehiaketa irabazi nahi dute.
Carmen Vela Estatuko Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza idazkariak, Arantza Tapia Ekonomia Garapenerako sailburuak eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak parte hartu dute, besteak beste, Advanced Technology Solar Telescope (ATST) domoaren aurkezpenean.
Idomek garatu du AEBetan kokatuko den teleskopioaren zati bat egiteko proiektua, eta Gometegui eta Hilfa enpresak izan ditu lagun.
Europako Teleskopio Ikaragarri Handiaren (E-ELT) kupula diseinatzeko lanetan jardun ostean, Idomek eta beste enpresa batzuek kontsortzioa osatu dute teleskopioaren kupula eta egitura nagusia eraikitzeko lehiaketan parte hartzeko.
Gaur aurkeztu duten teleskopioaren egituraren halako hiru izango da E-ELT, eta Atacama basamortuan jarriko dute, Txilen. Unibertsoko beste leku batzuetan bizitza bilatzeko erabiliko den 'begi' handiena izango da.
Basaurin eraikitako egitura
Basaurin egindako egitura izango duen teleskopioa inoizko aurreratuena izango da, eta eguzkiari begira jarriko dute Hawaiko Maui irlan, Haleakala behatokiaren barruan, 3.000 metroko altueran.
Teleskopio hori babestuko duen egitura Basaurin eraiki dute, eta 26 metroko diametroa, 24 metroko altuera eta 600 tonako pisua du. Idom enpresak zuzendu du proiektua, baina beste zortzi konpainiak parte hartu dute, gehienak EAEkoak, baina baita Espainiakokak, Alemaniakoak eta Britainia Handikoak ere.
Egitura eraiki ostean, orain desmuntatu egingo dute barkuan, 60 edukiontzitan, AEBetara eramateko.
Ziurrenik urrian hasiko dira muntatzen, eta 15 hilabete beharko dituzte horretarako. Egitura altxatu ostean, teleskopioa muntatuko dute barruan, eta litekeena da 2017rako martxan egotea.