Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Euskadi, 'Europan kohesio sozial handiena duen bigarren eskualdea'
Lanbideko zuzendariaren esanetan, "Espainiako Estatuko gastu sozialaren % 40 Euskadik egiten du"
Erredakzioa
Adolfo Alustiza Lanbideko zuzendariak aurreratu duenez, baliteke diru-laguntza sozialen arloan ematen den iruzurraren aurka borroka egiteko unitatea aurtengo lehen seihilekoan egotea "abian".
"Boulevard" Radio Euskadiko saioan egindako elkarrizketa batean, diru-sarrerak bermatzeko errenta kobratzeko orduan iruzurrak daudela aitortu du Alustizak, "edozein jardueratan bezala", baina kasuen "% 5etan" baino ez dela gertatzen gaineratu du.
Errenta hori jasotzeko baldintzak "diru-sarrerarik ez izatea edo gizarteratzeko beharrezkoa den gutxienekoa ez jasotzea eta ondasunik ez izatea" dira, Lanbideko zuzendariak azaldu duenez. Gainera, hartzaileak Euskadin erroldatuta egon behar du, eta bertan hiru urtez bizi izana.
Diru-sarrerak bermatzeko errenta 600-800 eurokoa da hilean, baina 250 euroko osagarria izan dezake etxebizitza gastuak ordaintzeko. "Jende asko pobreziatik ateratzen ditu [diru-laguntza honek]", adierazi du Alustizak.
Testuinguru honetan, Espainiako Estatuan Euskadik baino esfortzu sozial handiagoa egiten duen erkidegorik ez dagoela nabarmendu du, "Espainiako Estatuko gastu sozialaren % 40 Euskadik egiten baitu". "Euskadik egiten duen elkartasun esfortzua Estatuko handiena da; hurrengoa baino bi aldiz handiagoa", esan du.
Hori horrela, Suediaren atzetik, Euskadi "Europan kohesio sozial handiena duen eskualdea" dela txalotu du. "Gizarteak laguntza behar dutenei bizkar ematen badie, duintasuna galduko du", ohartarazi du.