Ekonomia -
Salaketa
PSE: 'Departamentu guztiei gastua murrizteko eskatu die Jaurlaritzak'
Jaurlaritzak, berriz, horrelako agindurik eman izana ukatu du eta "dagoena baino gehiago gastatzeko" inolako asmorik ez duela azpimarratu du.
Erredakzioa
Iñigo Urkulluren Gobernuak Jaurlaritzako departamentu guztiei gastu gutxiago egiteko eskatu zien “orain zenbait aste”, arazo ekonomikoak direla medio, Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak jakitera eman duenez.
Gasteizen egindako agerraldian, Jaurlaritzak agindua “hitzez” eman zuela azaldu du. Gobernuko sail guztietan gastu arruntarekin, diru-laguntzekin eta inbertsioekin zerikusia duen kredituaren % 20 “gordetzea” agindu duela zehaztu du Pastorrek.
Horregatik, Legebiltzarrean 30 bat galdera aurkeztu dituzte, Jaurlaritzak agindua eman duen ala ez zehazteko eta, “egin badu, zergatik egin duen azaltzeko”.
Gastua murrizteko agindu horren ondorioz, diru-laguntzak atzeratu egiten direla salatu du Jose Antonio Pastorrek, tartean Udalei egin beharreko laguntzak. Izan ere, diru-laguntzarik gabe udalak eta gobernuz kanpoko erakundeak “itota” daudela esan du sozialisten ordezkariak.
Jaurlaritzaren erantzuna
Arratsaldeko lehen orduan, Eusko Jaurlaritzak ohar bat atera du Jose Antonio Pastorrek egindako adierazpenei erantzuteko. Oharrean diotenez, Jaurlaritzak ez du "inolako erabaki formalik hartu, ezta araurik egin, aurtengo kredituen aurrekontuak murrizteko. Gastuak zuhurtziaz eta diru sarrerak kontuan hartuta antolatzeko eskaera da egin den gauza bakarra".
Halaber, Jaurlaritzak azpimarratu egin du duena baino gehiago gastatzeko asmorik ez duela, baina "beharrezkoak diren ekimenak" aurrera aterako direla.
EH Bilduren salaketa
EH Bilduk, bere aldetik, Jaurlaritzak iaz udalei agindutako 20 milioi euroko partida “blokeatu” egin duela salatu du. Diru-laguntza hau udalek enplegua sustatzeko planetara bideratzeko zen.
Belen Arrondo koalizioko legebiltzarkideak Bilduko hainbat udaletako ordezkariekin agerraldia egin du, Jaurlaritzaren Enplegu Planari egindako ekarpenak gauzatu ahal izateko diru-laguntzen murrizketa salatzeko.
Enplegu Planaren baitan, udalek eta tokiko garapenen artean adostutako ekintzak bultzatzea aurreikusi zuen Jaurlaritzak, eta 2013ko urrian laguntzak eskatzeko deialdia egin zuen: 16 milioi euro 2013. urterako, eta 4 milioi, 2014rako, langabezian zeuden pertsonak 3 eta 6 hilabete arteko epean kontratatzeko.
Hala ere, eskaerak aurkeztu dituzten 51 udalek ez dutela Lanbideren erantzunik jaso salatu du Arrondok. "Dirua ez da Udaletara iritsi", salatu du EH Bilduk.