Ekonomia -
Zerga iruzurra
Arabak 147,7 miloi euroko zerga iruzurra antzeman zuen 2013an
Arabako Ogasun, Finantza eta Aurrekontu diputatuak esan duenez Arabak ez ditu kolektibo profesional zehatzak seinalatuko.
Erredakzioa
Aitor Uribesalgoak, Arabako Ogasun, Finantza eta Aurrekontu diputatuak, kontzeptu orokorretan hiru diputazioek elkarrekin martxan jarritako zerga iruzurraren aurkako plana betetzen dutela jakinarazi du. Hala ere Arabak ez dituela kolektibo profesional zehatzak seinalatuko iragarri du.
Batzar Nagusietan egindako agerraldian Uribesalgok 2013an zerga iruzurraren aurka Araban egindako lana azaldu du eta gai horrekin lotutako hainbat datu erakutsi ditu. Garai horretan 147,7 milioi euroko iruzurra egon zela esan du, 2012an baino % 12 gehiago eta 2011an baino % 53 gehiago.
EAJk eskatuta Arabako Foru Aldundiak hiru diputazioen artean zerga iruzurrari aurre egiteko sinatutako planari buruz ere hitz egin du. Hainbat puntutan Arabako Diputazioa aldendu egin da medikuen, abokatuen, prokuradoreen eta beste hainbat profesionalen ibilbideak modu berezian aztertzearen aurka daudelako.
Uribesalgoren hitzetan 2014ko zerga iruzurraren aurkako borrokak diputazioen artean adostutako planaren kontzeptu orokor guztiak betetzen ditu baina Arabako diputazioak 'kolektibo profesional zehatzak ez dituela seinalatuko' adierazi du.
Ogasun diputatuak gaineratu duenez 2013an 3.346 zigor jarri ziren eta 9,1 milioi euro jaso ziren. Iruzurraren aurkako telefono zenbakian jasotako 340 deiei esker beste 1,5 miloi euro eskuratu ziren.