Ekonomia -
Jaurlaritzari eskaera
Burujabetza fiskalaren batzordea deitzeko eskatu du Gipuzkoak
Martin Garitano ahaldun nagusiak eta Helena Franco Ogasun diputatuak ekainaren 15erako batzordea osatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.
Erredakzioa
Joan den otsailean Euskal Finantza Kontseiluak onartu ostean, Datorren ekainaren 15erako Subiranotasun fiskalaren Batzordea osatzeko eta deitzeko eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari. Gai-zerrendan Kupoa eta BEZaren transferentzia sartzea eskatu dute.
Martin Garitano alhaldun nagusiak eta Helena Franco Ogasun eta Finantza diputatuak prentsaurrekoa eskaini dute ostegun honetan, Donostian, Jaurlaritzak gain honen inguruan duen "borondate falta" salatzeko.
Batzordea sortzeko borondaterik ez izatea leporatu dio Francok Jaurlaritzari eta jakinarazi du gaurko prentsaurrekoa deitu eta bost ordura iritsi zitzaiela Jaurlaritzaren erantzuna; "bi hilabete eta erdiko atzerapenarekin". Bertan, burujabetza ekonomiko eta fiskala lantzeko batzordea sortzeko proposamenari heltzen dio Jaurlaritzak, baina Francoren esanetan haren funtzionamenduari eta edukiari buruzko zehaztasunik gabe.
Francok esan duenez, batzorde hori "burujabetza fiskalean aurrerapausoak emateko eztabaidagune izan daiteke"; izan ere, Estatuaren aurrean hiru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren irizpide ekonomikoak eta fiskalak bateratzeko balioko du.
Ogasun diputatuak azaldu duenaren arabera, Gatzagaetxebarria sailburuak egindako adierazpenak ez dira argiak. Hala ere, erantzunak "batzordearen sormena zehazten du" eta Francok hainbat zentzutan "argitu eta sakondu" behar dela gaineratu du "era eraginkorrago batean lan egin ahal izateko". Horrez gain, diputatuak urtean hiru bilera eta behar diren beste hainbeste egitea proposatu du.
Bestalde, lehen bilera horretan premiaz aztertu beharreko gaiak BEZ zergaren transferentzia eta kupoaren inguruko desadostasunak direla adierazi du Garitanok.
Eusko Jaurlaritza
Gipuzkoako Foru Aldundiaren iritzia komunikabideen bidez ezagutu behar izatea deitoratu du Eusko Jaurlaritzak. Horregatik, "erakundeen arteko harremanetan izan beharreko konfiantza eta leialtasun markoa" haustea leporatu dio Gasteizko Exekutiboak Aldundiari.
Ogasun eta Finantza Saileko iturriek gogorarazi dutenez, Eusko Jaurlaritzak aldundiekin "leialtasunez eta errespetuz" lan egin du lankidetzarako akordio bat bilatzeko.