Ekonomia -
3.000 langile
Garbitasuneko langileen lehenengo greba-eguna Gipuzkoan
Zenbait langilek manifestazio bat egin dute Donostia erdiguneko kaleetatik lan-hitzarmen berri bat eskatzeko.
Erredakzioa
ELA eta LAB sindikatuek bost eguneko greba deitu dute Gipuzkoako garbitasun sektorean, maiatzaren 12tik 16ra, eta gaur bost eguneko greba horren lehenengo eguna da. Mobilizazio horien helburua sektorea arautuko duen "hitzarmen duina" lortzea da. Lanuzteek enpresei, saltoki handiei, erakundeei, ikastolei eta itunpeko ikastetxeei eragingo diete.
Sektore honetako zenbait langilek elkarretaratze bat egin dute Correos-ek Donostian duen egoitzaren atarian, eta handik abiatuta, manifestazio bat egin dute hiriko erdiguneko kaleetatik lan erreforma ekidingo duen lan-hitzarmen berri bat eskatzeko.
Edurne Iriondo eta Conchi Noble ELA eta LABeko ordezkariek, hurrenez hurren, azaldu dutenez, nahiz eta grebaren jarraipenaren datu zehatzik ez duten, greba nabarmena izan da "zentro handietan", esaterako, Kursaalen, Ficoban, Miramar Jauregian, Bretxa eta Urbil merkataritza zentroetan, EiTBren egoitzan eta zenbait udaletxe garrantzitsutan, besteak beste, Tolosakoan, Azkoitiakoan, Urnietakoan eta Ordiziakoan.
Halaber, beharginen protestak eragina izan du Ibermatican, Inasmeten, Niessenen, Teknikerren, Ampon eta CAFen, esaterako, sindikatuen ordezkariek aipatu dutenez. Gainera, zentro publikoetan ere greba sentitu dela aipatu dute, adibidez, ikastetxetan, polizia-etxean eta Segurtasun Sozialaren zerbitzuko bulegoetan.
Sektorean % 70eko ordezkaritza duten ELA eta LAB sindikatuek azaldu dutenez, Gipuzkoako hitzarmenak 3.000 langileri eragiten die, sektorearen erdiari gutxi gorabehera; izan ere, gainerakoek hitzarmen espezifikoak dituzte.
Mobilizazio hauekin, lan erreformaren aurrean blindatuta egongo den lan hitzarmen bat aldarrikatu nahi dute, ultraktibitate mugagabea edo luzea izango duena. Halaber, soldatak kontsumoko prezioen indizearen arabera igotzea ere eskatzen dute.
Grebak Gipuzkoako saltoki handiei, udal gehienei (Donostia, Irun, Hernani eta Errenteria kenduta), Onkologikoari, Ficobari, eta Inasmet, CAF eta Urkli enpresei eragingo die, besteak beste.