Ekonomia -

Epaia

30 milioi euroko isuna jarri die Europak aldundien 'opor fiskalei'

Espainiak laguntza horien % 100 berreskuratu du jada (500 milioi euro inguru), baina zati handi bat denboraz kanpo bueltatu ziren (12 urterainoko atzerapenaz),  Europako erakundeen arabera.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegia, Luxenburgon. Efe.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegia, Luxenburgon. Efe.
30 milioi euroko isuna, opor fiskalengatik

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 30 miloi euroko isuna jarri dio Espainiari, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek euskal 'opor fiskalak' izenpean emandako legez kanpoko laguntzak denboraz kanpo berreskuratzeagatik.

Espainiak laguntza horien % 100 berreskuratu du jada (500 milioi euro inguru), baina zati handi bat denboraz kanpo bueltatu ziren (12 urterainoko atzerapenaz),  Europako erakundeen arabera.

Hala ere, isuna Auzitegiko abokatuak proposatutako 50 milioi euroak baino txikiagoa da. 2001ean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek enpresei emandako laguntzak legez kanpokoak zirela erabaki zuen Europako Batzordeak, eta laguntza horiek bueltatzea exijitu zuen. 2006.ean erabaki hori epai batek berretsi zuen.

Orotara, 300 enpresa inguruk jaso zituzten laguntzak. Laguntza horiek hiru ardatz nagusi zituzten, baina gaurko erabakiak horietako biri bakarrik eragiten die: elkarteen gaineko zergaren oinarriaren murrizketari eta zenbait inbertsioen kopuruari % 45eko mailegua emateari.

Hirugarren ardatza, elkarteen gaineko zerga ez ordaintzeko baimena, hain zuzen, aurretik egindako prozesu batean aztertu zuten.

Prozesua, pausoz pauso

Prozesua 1999. urtean hasi zen, Europak Espainiaren kontrako ikerketa formala abian jarri zuenean.

2001ean, emandako laguntzak Europako merkatuaren araudiarekin baterazinak zirela adierazi zuen, eta, ondorioz, neurr horiek indargabetu eta dirua berreskuratu egin behar zela.

Espainiak eskaera horiei erantzuten ez ziela ikusita, 2003ko azaroan Europako Batzordeak sei errekurtso aurkeztu zituen.

2006an, Europako Justizia Auzitegiak konfirmatu egin zuen Espainiak eskaerari erantzunik eman ez ziola eta dirua berreskuratzeko exijitu zion berriro.

Bost urte geroago, Espainiak eskatutakoa bete barik jarraitzen zuela erabaki zuen Europako Batzordeak eta isun bat ordaintzeko errekurtsoa aurkeztu zuen.

'Opor fiskalak'

'Opor fiskalek' elkarteen gaineko zerga ez ordaintzeko baimena ematen zieten hamar urterako 1993 eta 1994 artean EAEn sortzen ziren enpresei.

Neurri hori 1996ean osatu zuten zerga kredituaren bitartez. Horri esker, euskal enpresek elkarteen gaineko zergaren bitartez inbertsioen % 45 berreskura zezaketen, inbertsioa 15.025.303 eurotik gorakoa bazen.

1993 eta 2000 artean, EAEn aipatu laguntza indarrean zegoenean, 300 enpresa inguruk aprobetxatu zuten.

Nork ordainduko du isuna?

Aldundiak ez datoz bat isuna nork ordaindu beharko duen zehazten. Bizkaiak lurralde bakoitzak itzuli beharreko diruaren arabera ordaintzea proposatu zuen. Araba, berriz, horren kontra agertu da, banaketa horrela eginez gero kalte handiena berari egingo diolako.

Hala ere, Gipuzkoak ere ez du irtenbide hori begi onez jo, eta "ardura politikoak" eskatu ditu, 'opor fiskalak' indarrean jarri zirenean EAJk agintzen zuelako Araban.

EBko abokatu nagusiaren arabera, 322,3 milioi euro ziren itzuli beharrekoak: Arabak 212,4 (% 65,89), Bizkaiak 68,7 (% 21,31), eta Gipuzkoak 41,2 (% 12,8).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Opor fiskalak albisteak