Ekonomia -

Kartela

EBk Euriborra manipulatzea leporatu die beste hiru banku handiri

Credit Agricole, HSBC eta JPMorgani bankuen arteko interes tasa manipulatu duen kartelean parte hartzea egozten diete.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak Euribor, bankuen arteko interes tasa, manipulatu duen kartel batean parte hartzea leporatu die Credit Agricole, HSBC eta JPMorgan bankuei.

Joaquin Almunia Lehiakortasun komisario eta Europako Batzordeko presidenteordea buru duen departamentuak dagoeneko jakinarazi die bankuei ondorio horietara iritsi direla. Ondorio horien arabera, kartelak osatzea galarazten duen zuzentarau europarra urratu dute.

Almuniak prentsaurreko batean gogorarazi duenez, hiru banku horiek uko egin zioten bere garaian auzia isun batekin ixteari eta errudun direla onartzeagatik % 10eko isunaren murrizketa jasotzeari.

Beraz, Europako batzordeak aurrera jarraitu zuen ikerketarekin, eta zuzentarauak urratu dituztela egiaztatzen bada, "ez dute isun murrizketarik izango, noski", azpimarratu du komisario espainiarrak.

Batzordeak bankuei gaur igorri dien jakinarazpenak ez du ikerketaren emaitza aurreratzen, baina akusazioei idatziz erantzuteko edo ahozko saioa eskatzeko aukera ematen zaie bankuei.

Aurreko abenduan, Europako Batzordeak 1.712,5 milioi euroko isuna jarri zien sei banku handiri elkarrekin Libor eta Euribor interes tasak manipulatzeagatik.

Guztira zortzi banku zigortu zituzten, baina biri immunitatea eman zieten, kartel horien berri emateagatik.

Zigortu zituztenetako lauk (Barclays, Deutsche Bank, RBS eta Societe Generale) kartel horretan parte hartu zuten 2005eko irailetik 2008ko maiatzera, eta Euriborra kalkulatzeko eman behar zituzten datuak, eta prezio eta merkataritza estrategiak trukatu zituzten.

Banku horiei 1.004 milioi euroko isuna jarri zieten. Izan ere, Barclaysek 690 milioi euroko isuna saihestu zuen, kartela existitzen zela aitortu zuen lehena izan zelako, eta gainerakoek % 10eko murrizketa jaso zuten isunean.

Gainera, RBSk eta Deutsche Bankek Japoniako Liborraren manipulazioan ere parte hartu zuten JPMorgan, Citigroup, RP Martin eta UBSrekin batera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea