Ekonomia -
Enpresa txiki eta ertainei
Jaurlaritzak 100 milioi euro bideratuko ditu ETEei laguntza emateko
Finantzen Euskal Institutuaren bidez sorturiko finantzabide horrek "euskal enpresen sendotasun eta lehiakortasuna sustatzeko helburua du", Jaurlaritzaren arabera.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak finantza-programa berri bat sortzea erabaki du, Euskadiko enpresa txiki eta ertainen (ETE) likidezia erraztearren eta haien esportazioak ordaindu gabe geratzeko arriskua murrizteko helburuarekin.
Finantzabide hori bat dator Eusko Jaurlaritzak 2014-2016 aldirako onartu berri duen Enpresak Nazioartekotzeko Planarekin.
Finantzen Euskal Institutuaren bidez sorturiko finantzabide horrek "euskal enpresen sendotasun eta lehiakortasuna sustatzeko helburua du; enpresa txiki eta ertainena, batez ere", Jaurlaritzak ohar batean azaldu duenez.
Finantzen Euskal Institutuak enpresari emaniko esportaziorako kreditu-poliza baten bitartez gauzatuko da finantzaketa, esportazio-lanekin lotutako eragiketak estaltzeko.
Finantza-programa hori ezartzeko, Oinarri eta Elkargi elkarren bermerako sozietateek laguntza emango dute, finantza-eragiketak bermatzeko sinatu duten hitzarmenean jasotakoaren arabera.Euskadin kokatuta dauden enpresa txiki eta ertainak; zehazki, Europako ETEen definizioarekin bat datozenak eta baldintza hauek betetzen dituztenak eskatu ahal izango dute: Jarduera ekonomikoren bat egitea, 250 langile baino gutxiago edukitzea, urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez izatea edota urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez izatea, zuzenean edo zeharka, haren kapitalaren % 25 edo gehiagoan ez egotea beste enpresa batek edo batzuek partaidetuta, aurretik adierazitako baldintzaren bat betetzen ez dutela.
Jarduera ekonomikoko sektore guztiek jo dezakete programara, baina ezin dira onuradun izan erakunde eta sozietate publikoak, finantza-erakundeak eta higiezinen arloko jarduerak, besteak beste. Programari heldu ahal izateko, beharrezkoa da enpresak krisi-egoeran ez egotea eta Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketa egunean edukitzea.