Ekonomia -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Jaurlaritza 'patronalaren menpe' dagoela salatu du ELAk

Adolfo Muñozek esan du elkarrizketa sozialaren esparruan ELA akordioetara heltzeko prest dagoela, baina une honetan hori ezinezkoa dela azpimarratu du, "Jaurlaritzak patronala babesten duelako".

Adolfo 'Txiki' Muñoz ELA sindikatuko idazkari nagusia.
Adolfo 'Txiki' Muñoz ELA sindikatuko idazkari nagusia.
ELAk zaila ikusten du elkarrizketa sozialaren inguruko akordioa

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adolfo 'Txiki' Muñoz ELAko idazkariak esan du ez duela inolako itxaropenik elkarrizketa sozialaren esparruan Eusko  Jaurlaritzarekin akordio batera heltzeko, Iñigo  Urkulluren Gobernua "patronalaren menpe dagoelako".

Datorren astelehenean Juan Maria Aburto Enplegu sailburuak bilera deitu du eragile ezberdinekin elkarrizketa sozialari berri ekiteko asmoz.

"Jaurlaritzaren politikak kontuan hartuta, ezinezkoa da elkarrizketa sozialaz hitzegitea", adierazi du Radio Euskadin egindako elkarrizketan.

Oreka gabe jokatzea egotzi dio ELAk buruzagiak Iñigo Urkulluri, "enpresarien exijentzia guztiak babesten dituelako, Arantza Tapia sailburuak atzo Adegiren ekitaldian izan zuen parte-hartzeak erakutsi duen moduan".

"Horrek agerian uzte du  Jaurlaritzak eskuak lotuta dituela eta patronalak esaten duenaren menpe dagoela", deitoratu du.

Horrez gain, Jaurlaritzak ELA jomugan duela salatu du. "Injustuak diren politikak ezkutatzeko gure kontra egiten ari dira, onuradun bakarra patronala den bitartean".

"Jaurlaritza patronala babesten ari da. Kapitala ohartu da politikak dena ematen diola", azpimarratu du.

ELAk akordioetara heldu nahi duela nabarmendu du, baina une honetan hori ezinezkoa dela erantsi du. "Elkarrizketa soziala bezalako hitz potoloak erabiltzen dituzte, patronalari babes osoa ematen ari direnean eta hori onartezina da", kritikatu du.

"Langabezia eta desoreka areagotzen duten politika neoliberalak aplikatzen ari dira eta hori elkarrizketa sozialarekin bateraezina da", esan du.

"Patronalak ez du ezer mugitzerik nahi, ez du negoziaziorik nahi, lan erreformak dena ematen diolako; patronalari botere guztia eman diote, lotsagarriak dira; eta bitartean ELA bezalako erakundeen aurkako kanpainak abian jarri dituzte", salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea