Ekonomia -

Lan-istripua

Bizkaiko langile bat Errusian istripuz hil dela salatu du ELAk

Sindikatuak lan-baldintza "seguruak" eskatu ditu, eta "segurtasuna eta osasuna enpresaren etekin ekonomikoen gainetik jartzea".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostiralean Errusian trokelgintza bateko Sondikako langile bat (50 urtekoa) hil zela salatu du ELA sindikatuak. Itzultzeko hegaldi bat hartzeko asmoz, taxi batean zihoala izandako zirkulazio-istripuaren ondorioz hil omen zen.

Sindikatuak ohar baten bidez jakitera eman duenez, langilea ELAko afiliatua zen, eta "oso maitatua eta ezaguna" zen militante bezala egindako ibilbidean hainbat urtez Troquenor enpresan ELAren ordezkaria izan zelako.

ELAk "elkartasuna eta babesa" helarazi die hildako langilearen senide eta lagunei, eta "aurten dagoeneko 15 langile hil dira lan-istripuetan", salatu du.

Horren harian, azken urteotan "in itinere" (lanerako joan-etorrian) izandako istripuen kopuruak gora egin duela salatu du, "langileek gero eta gehiago eta gero eta urrunago joan behar dutelako lanean".

ELAk lan-baldintza "seguruak" eskatu ditu, eta "segurtasuna eta osasuna enpresaren etekin ekonomikoen gainetik jartzea".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea