Ekonomia -
Garapena eta enplegua
Bilduk Bizkaia jo du eskualdeko agentzien 'geldotasunaren' erantzule
Eskualdeko garapen agentziei baliabide materialak eta lurralde mailako koordinazio egiturak ematea proposatu du koalizio abertzaleak.
Erredakzioa
Bizkaiko Foru Aldundiaren lidertza faltak eskualdeko agentziak "geldotasunera" eraman dituela salatu du EH Bilduk. Horren aurrean, eskualdeko garapen agentziei baliabide materialak eta lurralde mailako koordinazio egiturak ematea proposatu du koalizio abertzaleak.
EH Bilduk lurralde garapenari eta enpleguari buruzko jardunaldia egin du larunbat honetan Bilbon, eta egoera hobetzeko 150 neurri inguru aurkeztu dizkie bertan bildu diren eragile sozioekonomikoei.
Maribi Ugarteburu eta Arri Zulaika EH Bilduko legebiltzarkideak kezkatuta agertu dira "Bizkaia atzeratuta dagoelako". Horien iritziz, "atzerapen" horren erakusle dira langabezia-tasa, industria jardueraren tasa eta zerga bilketaren zenbatekoa, "Euskal Herriko txarrenak".
EH Bilduk Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza jo ditu egoera horren erantzule, eta epe motzeko eragina duten neurri isolatuak hartzea leporatu die.
Eusko Jaurlaritzak "dekretuz" hartutako neurrien ondorioz, 4.000 lanpostu galdu direla salatu du EH Bilduk, eta Bizkaian dauden baliabideak hobeto erabiltzeko proposamena aurkeztu du.
Udal erakundeen, eskualdeko garapen agentzien, sindikatuen, enpresen eta bizitza publikoan nahastuta dauden eragile guztien elkarlana aldarrikatu du EH Bilduk.