Ekonomia -
Eusko Irratia
Radio Euskadiko langileek 24 orduko greba abiatu dute
Greba dela eta, musikarekin ordezkatuko da ohiko programazioa.
Erredakzioa
Radio Euskadiko langileek 24 orduko greba eguna dute gaur, EiTBren Administrazio Kontseiluak Eusko Irratirako deitutako enplegu deialdi publikoak "lanpostuak suntsitzea" ekarriko duela salatzeko.
Euskadi Irratiko eta Radio Vitoriako langileek ere bat egingo dute protestekin, bi orduko lanuzteekin. Greba dela eta, musikarekin ordezkatuko da ohiko programazioa.
Halaber, langile kaltedunak biltzen dituen kolektiboak manifestazioa egin du eguerdian Bilbon. Martxa ELA, Independenteak-ESK eta CCOO sindikatuek deitu dute, eta Moyua plazatik abiatu da. Manifestazioaren amaieran, langileek topaketa bat egin dute entzuleekin, Arriaga Antzokiaren plazan, euren egoera azaltzeko.
Radio Euskadiko langileek lanuzte partzialak hasi zituzten hilaren 2an, lan eskaintza publikoa "ezkutuko lan erregulazio espedientea" dela salatzeko.
EiTBren Administrazio Kontseiluak apirilaren 29an onartu zuen enplegu deialdia, EAJk, EH Bilduk, LAB sindikatuak, Eusko Ikaskuntzak eta Maite Iturbe zuzendari nagusiak alde bozkatuta. Hain zuzen ere, 49 lanpostuko deialdia egin deitu zuen, kontratu "mugagabe ez finkoa" duten 79 langile "behin betiko erregularizatzeko", zuzendaritzaren esanetan.
79 langile horien kontratuak legez kanpokoak zirela ebatzi zuen Lan Ikuskaritzak 2010. urtean, eta, Eusko Irratia Kaleratzeak kolektiboak gogorarazi duenez, ikuskariek eurek "erregularizatu" zituzten orduan.
Hori dela eta, 49 lanpostuko deialdia "ezkutuko enplegu erregulazio espedientea" dela eta "enplegua suntsitzea" ekarriko duela salatu dute kaltedunek. "[49 lanpostuko] kopuru hau ez da aski gaur egun dugun eta egiten den irrati publikoaren modelorako", ohartarazi dute.
EiTB: "Irrati publiko jasangarri bat lortzeko nahikoa lanpostu izendatzea"
Administrazio Kontseiluak apirilaren 29an onartu zuen 49 plazako enplegu-deialdiaren helburua "irrati publiko jasangarri bat lortzeko nahikoa lanpostu eta lanpostu egokiak izatea da. Langile talde hori zehazteko zuzendaritza nagusiak elkarrizketa bultzatu du zuzendaritza taldearekin, gizarte ordezkariekin bai eta Euskal Administrazioarekin ere. Era berean, Euskal Irrati telebistaren Plan Estrategikoan onetsi ziren helburu nagusiak garatzeko balio du!.
Halaber, EiTBk jakinarazi du enplegu-deialdiaren bidez, "Eusko Irratia S.A. barruan, kontratu 'mugagabe ez finkoa' dutenen taldeak betetako lanpostuak arautuko dira behin betiko, lanpostu horiek enplegu publikoaren oinarri diren berdintasun, meritu, gaitasun eta publizitate printzipioak bermatu gabe bete baitziren".