Ekonomia -

Eusko Legebiltzarra

Legebiltzarrak ez dio AHTaren lanak gelditzeko eskatuko Espainiari

Bestalde, Gipuzkoako Diputazioak abiadura handiko trenarekin loturiko lanetan inbertitutako 7,5 milioi euroak itzultzeko eskatu dio Jaurlaritzari.

Peio Urizar, Julen Arzuaga eta Oskar Matute gaurko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Argazkia: EFE
Peio Urizar, Julen Arzuaga eta Oskar Matute gaurko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Argazkia: EFE
Peio Urizar, Julen Arzuaga eta Oskar Matute gaurko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak ez dio Euskal Autonomia Erkidegoan esleitu gabeko Abiadura Handiko Trenaren lanak gelditzea eskatuko Espainiako Gobernuari. Kataluniako abiadura handiko trenaren lanetan ustez egon den ustelkeria kasua argitu arte lanak gelditzea eskatzen zuen EH Bilduk, baina Eusko Legebiltzarrak atzera bota du proposamena.

Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du proposamena Legebiltzarrean, baina gainerako alderdiek atzera bota dute proposamena.

Ustez, gainkostuak egon diren Abiadura Handiko Trenaren zati guztiei buruzko txostena egiteko eskatu nahi zion EH Bilduk Herri Kontuen Euskal Auzitegiari. Dena den, EH Bilduren ez-legezko proposamena aurrera atera ez denez, eskaera bertan behera gelditu da.

Katalunian Corsan Corviam enpresaren kontra irekita dagoen ikerketa eta AHTaren Euskal Autonomia Erkidegoko lanak lotu nahi izatea egotzi diote EAJ, PSE-EE, PP eta UPyD alderdiek EH Bilduri. Aipaturiko Corsan Croviam enpresari Kataluniako abiadura handiko trenaren lanetan diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatzen diote, eta, hain zuzen ere, enpresa horrek EAEko AHTaren hainbat lan egiteko ardura du.

Guardia Zibilak Corsan Croviam enpresako zuzendaritzako bederatzi kide eta Adifeko hainbat langile atxilotu zituen maiatzan, Madril eta Bartzelona arteko abiadura handiko trenaren lanen prezioak puztu zituztelakoan.

Gipuzkoako Diputazioak 7,5 milioi euro eskatzen dizkio Jaurlaritzari

Abiadura handiko trenarekin loturiko lanetan inbertitutako 7,5 milioi euroak itzultzeko eskatu dio Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak Eusko Jaurlaritzari. Ugarteren esanetan, akordio bat lortu zuten lan horien zenbatekoa Euskal Trenbide Sareak ordaindu zezan.

Aurreko legegintzaldian, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskal Trenbide Sareak erakunde publikoak ahozko akordioa lortu zuten, eta, horren arabera, Gipuzkoako Diputazioak AHTarekin loturiko hainbat lan burutu zituen. Larraitz Ugarte harrituta agertu da ahozko akordioa berresteko hitzarmenik sinatu ez zelako, eta aipaturiko lanek Gipuzkoarentzat 7,5 milioi euroko kostua izan zutela gaineratu du.

"Gipuzkoako Foru Aldundiak urteak daramatza diru hori eskatzen, baina Eusko Jaurlaritzak ez du zorra ordaintzen", azaldu du. Ugarteren esanetan, "ez dirudi Jaurlaritza diru hori ordaintzeko prest dagoenik", hori ordaintzea Adif erakundeari dagokiola argudiatuta. Adifek bien bitartean, zorra ordaintzea Jaurlaritzari dagokiola adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea