Ekonomia -
Ustelkeria
NCGko agintari ohientzat 3 urteko zigorra eskatu du Fiskaltzak
Akusatuei aurretiko erretiroengatik modu bidegabean 18,9 milio euro kobratu izana leporatu die, eta zigorrak eta finantza sektorearekin lotutako lanak egiteko debekua eskatu du Fiskaltzak.
Erredakzioa
Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak hiru urteko kartzela zigorrak eskatu ditu Novacaixagaliciako agintari ohientzat, tartean, Julio Fernandez Gayoso presidenteorde ohia. Aurretiko erretiroengatik modu bidegabean 18,9 milioi euro kobratu izana leporatu die Fiskaltzak.
Jose Luis Pego zuzendari orokor ohiari, Javier Garcia de Paredes zuzendari orokor exekutibo ohiari, Oscar Rodriguez Estrada Grupo Inmobiliario taldeko arduradunari eta Ricardo Pradas abokatuari bidegabeko jabetzea eta administrazio iruzurra egotzi die.
Gainera, Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzaren txostenean azaltzen denez, honek ilegalki jasotako 18.915.291,56 euroak Novacaixagaliciari itzultzeko eskatu die akusatuei.
Kopuru horretatik, Pegok 7,7 milioi euro jaso zituen; Garcia de Paredesek, 5,6 milioi; Gorriaranek 4,8 milioi; eta Rodriguez Estradak, aldiz, 691.261 euro.
Azkenik, 75.000 euroko zigorra eta finantza edo banku sektorearekin lotutako ekintzetan lan egiteko debekua ezartzeko eskatu du.
Fiskaltzaren aburuz, inputatuek "irabaziak lortzeko asmo argiak gidatuta, haien Goi Zuzendari karguen kontratuetan hobekuntza ekonomikoak sartzea adostu zuten, fusioaren ostean bankutik alde egitean, likidazio aberatsak eta bizitza osorako errentak jaso ahal izateko".