Ekonomia -
Protesta
'Ogia, lana eta etxea' eskatzeko protesta, Legebiltzarraren aurrean
Herritarrek egun bizi duten "pobrezia egoerarekin" bat datozen neurriak hartzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.
Erredakzioa
300 pertsona inguruk parte hartu dute Eusko Legebiltzarraren aurrean egindako eserialdian, ESK, CNT, CGT, Euskadiko langabeen batzarrek eta gizarte kolektiboek deituta, "ogia, lana eta etxea" eskatzeko.
Ekimena Duintasunaren Martxek larunbat honetarako deitutako protesta ekitaldien barruan dago: erkidegoetako 17 parlamentu inguratzeko deia egin dute, murrizketen amaiera eskatu eta Estatuak bizi duen "larrialdi soziala" salatzeko.
Protesta 11:00etan hasi da Gasteizen, Andra Mari Zuriaren plazan. Manifestazioa bertatik abiatu da eta ordubete geroago Legebiltzarrera heldu da, hiriburuko kaleetan zehar ibili ondoren.
Legebiltzarraren aurrean 15 minutuko eserialdia egin dute tranbiaren trenbidearen gainean, "Langabeziaren aurrean, langileen borroka" eta "Ez, ez, ez, ez gaituzte ordezkatzen" leloak oihukatuta, besteak beste.
Manifestazioan ez da inolako istilurik izan eta hainbat pankarta eraman dituzte, lelo ezberdinekin: 'Aukera gure eskuetan dago', 'Errenta unibertsala eta baldintzarik gabekoa'. 'Langabeziaren eta pobreziaren aurka, aberastasuna banatzea' edo 'Eskubideak ez daude salgai. Duintasuna, babesa eta borroka'.
"Malnutrizioa eta esklusioa"
Javier Alonso protestako bozeramaile eta Bizkaiko langabeen batzarretako koordinakundeko kideak hedabideei adierazi dienez, "pobrezia muga nahiko altuetara iristen ari da; haurren artean malnutrizioa dago eta pentsiodunak, langabeak eta emakumezkoak esklusio handiagoa pairatzen ari dira".