Ekonomia -

Inaugurazioa

Bilboko Metroa 'erreferentzia mundiala' dela adierazi du Urkulluk

Lehendakariak Santurtziko Kabiezes auzoko geltokiaren inaugurazio ekitaldian parte hartu du, eta metroa "garraiobide bat baino gehiago" dela azpimarratu du.

Bilboko metroaren 2. linea amaituta

1:36

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak Bilboko Metroa "ardatza" eta "herriaren harrotasuna" dela adierazi du, eta "arkitekturan, diseinuan eta funtzionalitatean erreferentzia mundiala" dela azpimarratu du.

Lehendakariak Santurtziko Kabiezes auzoko geltokiaren inaugurazio ekitaldian parte hartu du, Jose Luis Bilbao Bizkiko ahaldun nagusiarekin eta Ricardo Ituarte herriko alkatearekin batera. Geltokiak 14:00etan irekiko ditu ateak erabiltzaileentzat.

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 70,1 milioi euroko inbertsioa egin dute Santurtzi eta Kabiezes arteko 2.085 metroko zatia eraikitzeko. Horrekin, Ezkerraldeko herrietatik igarotzen den metroaren 2. linea amaitutzat eman da.

Urkulluk metroa "garraiobide bat baino gehiago" dela adierazi du inaugurazio ekitaldian, eta "kalitatezko zerbitzu publikoa" dela, "lehiakorra, segurua, irisgarria eta garbia".

"Lotzen eta gerturatzen gaituen ardatza da", zehaztu du Urkulluk, eta "herriaren harrotasuna" eta "arkitekturan, diseinuan eta funtzionalitatean erreferentzia mundiala" dela.

"Duela 30 urte etorkizun-sena zuten pertsonak egon ziren, proiektu handi bat planteatu eta errealitate bihurtzeko neurriak hartu zituztenak", adierazi du lehendakariak, eta, "zailtasunak zailtasun", Gobernuak eta Aldundiak "herrialde hobe bat" eraikitzeko lanetan jarraitzen dutela esan du.

Bi instituzioek "garraio publikoa hobetzeko konponbideak eraikitzen" jarraitzen dutela azpimarratu du lehendakariak, eta Bilboko Metroaren 3. linea 2016. urte amaierarako prest izango dela gogorarazi du, 70.000 pertsonari zerbitzua eman ahal izateko.

Hori guztia kontuan izanda, trenaren, intermodalitatearen eta garraio publikoaren aldeko apustua berretsi du Urkulluk. "Euskadiren eta trenaren arteko lotura garrantzitsua da industriarentzat, aurrerapena, garapena, batasuna eta aurrerapen ekonomikoa baitakartza euskal trenaren industriarentzat".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Iñigo Urkullu biografia