Ekonomia -
Kaleratzeak
GES taldeak Bizkaian 96 pertsona kaleratu nahi dituela salatu du ELAk
Sindikatuak azaldu duenez, enpresa taldeak irekitako espedienteak Erandioko Global Energy Services eta Siema Industria lantegietako beharginei eragingo die.
Erredakzioa
ELA sindikatuak gaur salatu du GES enpresa taldeak 627 kontratu moztuko dituen espediente bat irekiko duela eta Bizkaiko 96 langileri eragingo diola. Global Energy Services, Siemsa Industria eta Siemsa Control y Sistemas dira kaltetutako lantegiak.
Sindikatuak adierazpen batean azaldu duenez, aipatutako enpresen zuzendaritzak atzo Madrilen jakinarazi zuen espedientearen irekiera. Horrek taldeak estatuan dituen lantegi guztiei eragingo die, eta Erandion daude horietako bi: Global Energy Services eta Siemsa Industria.
GES enpresa taldea energia berriztagarriekin lotutako proiektuen eraikuntza, muntaia eta mantentze lanetan aritzen da.
ELAk zehaztu duenez, kontratuen mozketak Bizkaiko Siemsa Industriako 58 langileri eragingo die, eta Global Energy Serviceseko 38ri.
"Beharrezko presio neurriak" hartuko dituela adierazi du sindikatuak, bi lantegietako lanpostu "guztiak" defendatu ahal izateko.