Ekonomia -
Burtsa Merkatu Alternatiboa
Lau enpresak merkatu alternatiboa utzi dute, Gowexen iruzurragatik
Gowex enpresako presidenteak aitortu du gutxienez azken lau urteotako kontuak faltsutu dituela, eta horren ondotik etorri da enpresen erabakia. Gainera, zenbaki gorrietan amaitu dute eguna.
Erredakzioa
Carbures, Ebioss, Eurona eta Ibercom enpresek iragarri dute Burtsa Merkatu Alternatiboa utziko dutela, Gowexen eskandaluaren ondorioz.
Aipatutako konpainiako presidenteak aitortu du gutxienez azken lau urteotako kontuak faltsutu dituela.
Carbures enpresak urteko azken hiruhilekoa merkatu jarraituan kotizatzea aurreikusita du.
Kapital handitzea, gutxienez, 60 milioi eurokoa izango da.
Ibercomek, berriz, datorren irailaren 4rako deitu du ezohiko batzar nagusia Burtsa Merkatu Alternatibotik ateratzeko erabakia berresteko eta Baloreen Burtsa Ofizialean sartzea eskatzeko.
Ebioss Energyk ere gauza bera eskatuko du bere hurrengo akziodunen batzarrean.
Eurona telekomunikazio operadoreari dagokionez, datorren akziodunen batzarrean aztertuko du Estatuko Baloreen Burtsa Ofizialean sartzeko aukera.
Beherakada Burtsan
Burtsa Merkatu Alternatiboan kotizatzen duten 20 enpresek zenbaki gorrietan amaitu dute eguna, Gowex konpainiaren krisia ezagutu eta merkatu horren segurtasuna kolokan jarri ostean.
Bionaturis (% -23,91), Eurona (% -21,88), Carbures (% -20,79) eta Neuron (% -18,80) izan dira jaitsiera larrienak pairatu dituzten enpresak. Gainontzeko enpresek jasandako murrizketak Commcenterrek lortutako % 2,51ren eta Altiaren % 9,66aren artean egon dira.
Secuoya komunikazio enpresa izan da ongien iraun duena, % 2,03 egin baitu aurrera. 4,52 euroko balioa dute egun bere akzioek.
Presidente ohia, txantxetan
Jenaro Garcia Gowexeko presidente ohi eta kontseilari delegatu ohiak Gothamen WiFia jartzeari buruzko txantxak egin zituen haren enpresaren iruzurra iragarri baino egun bat lehenago. Gotham Batman bizi den fikziozko hiria da, eta Gowexen iruzurraren berri izan duen ikerketa enpresaren izena.
"Gothamen WiFia jarri dezakegula erakutsiko dugu. Gure oinarrizko helburua da, eta lortu egingo dugu", adierazi zuen Garciak YouTuben ikusi daitekeen bideo batean.
Sei minutu inguruko hitzaldian, duela gutxi arte enpresako buru izan denak esan zuen konpainiaren fakturazio zifrak eta nazioarteko presentzia merkatuari jakinarazitako berdinak zirela.
Gowexi laguntzeari utzi dio Ekonomia Ministerioak
Ekonomia Ministerioak Gowexi emandako urte anitzeko laguntzak bertan behera utzi ditu. Urtebete baino gehiagoko programetan aurreikusitako eta egin gabeko ordainketak utzi egingo ditu, beraz.
Ekonomiako iturrien arabera, 2,14 milioi euroko zorra du Gowexek Estatuko idazkaritzako Zientzia eta Berrikuntza arloko laguntzen programekin.
2011ko CDTIko ikerketa eta garapen proiektuen programarekin 559.069 euroko zorra du, eta Berrikuntzako zuzendaritza orokorrarekin, aldiz, 1,58 milioi eurokoa.
ICOk emandako bitartekari linea bateko 8,9 milioi euroko maileguak gehitu behar zaizkio zor horri. 2013ko kontuetan aitortuta dago zifra hori, eta horren arriskua bankuei dagokie.