Ekonomia -

Gowex auzia

Zer da Burtsa Merkatu Alternatiboa eta nortzuek osatzen dute?

Gowex enpresaren iruzurrak kolokan utzi du merkatu honen etorkizuna. Horren erakusle, Ibercom euskal konpainiak bertatik alde egitea erabaki duela.

Lau enpresak merkatu alternatiboa utzi dute

1:14

eitb.com / agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jenaro Garcia Gowex enpresako presidente ohiak aitortutako iruzurrak kolokan jarri ditu Burtsa Merkatu Alternatiboa (MAB), 5.000 inbestitzaile eta konpainiaren langileak eta proiektua.

Eskandalua Gotham City Research agentzia ezezagunak azaleratu zuen joan den astean, Gowexen diru-sarreren % 90 faltsuak zirela eta konpainiaren benetako balioa zero zela ohartarazi baitzuen. Garciak aitortu egin du iruzurra.

Gowexen gainbeherak mesfidantza ekarri du merkatu alternatiboan, eta horren etorkizuna eta bideragarritasuna arriskuan izan litezke.

Zer da Burtsa Merkatu Alternatiboa?

Kapitalizazio txikia duten, baino hazi egin nahi duten enpresa txikiei eta ertainei zuzendutako kotizazio merkatua da. Araudia eta erregulazioa enpresa horien beharren eta ezaugarrien arabera moldatuta dago, eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak (CNMV) behatzen du.

MABetik bertatik azaltzen dutenez, "ahal den neurrian, sistema enpresa horien ezaugarriei, tamainari eta garapen faseari egokitzea" dute helburu.

"Malgutasun horrek prozedura guztiak modaltzea dakar, enpresa hauek merkatu batean kotizatu ahal izateko, baina gardentasunari uko egin gabe", gaineratu dute. Dena dela, ustezko gardentasun hori zalantzan dago orain, Gowexen eskandaluaren ondorioz.

Laburbilduz, MABen kotizatzeak hedatze prozesuan dauden enpresa txikiek eta ertainek finantziazio erraza lortzea dakar.

Arriskuan dago merkatu mota hau?

EFE agentziak azaldu duenez, Jaime Diez XTB konpainiako adituak ez du uste merkatu alternatiboa desagertuko denik, baina likidezia eta erakargarritasun gutxiago izango ditu hemendik aurrera.

Horren erakusle, lau konpainiak (tartean Ibercom euskal enpresa) merkatu hau uztea erabaki dutela. Beste hirurak Carbures, Ebioss eta Eurona dira.

Eskandaluaren ostean, UPyDk azalpenak eskatu dizkio Elvira Rodriguez CNMVko presidenteari, eta Cayo Lara IUko koordinatzaile federalak finantza merkatuen erregulazio falta kritikatu du.

Bestalde, Luis de Guindos Ekonomia ministroak Gowex "kasu bakana" dela esan du, eta Espainiako Gobernuak kontrolak indartuko dituela aurreratu du. Gainera, CNMVk prozeduretan zerk egin duen porrot aztertuko duela iragarri du.

Merkatu alternatiboak berak agiri bat publikatu zuen Gowex auziko polemika lehertu eta gero, eta, horretan, konpainia batek egindako irregulartasunek ezin dutela Espainiako finantza sistema kolokan jarri aldarrikatu zuen.

Nortzuk daude merkatu alternatiboan?

Guztira 23 enpresa daude Burtsa Merkatu Alternatiboan, baina aipatutako laurek (Ibercom, Carbures, Ebioss eta Eurona) utzi egingo dute aurki, eta beste hiruren (Gowex, Zinkia eta Bodaclick) kotizazioa etenda dago.

Hauek dira, hain zuzen ere, 2014. urteko uztailean MABeko kide gisa agertzen diren enpresak:

- 1nkemia Iuct Group, S.A.

- AB-Biotics, S.A.

- Altia Consultores, S.A.

- Bionaturis (Bioorganic Research Serv.)

- Bodaclick, S.A.

- Carbures Europe, S.A.

- Catenon, S.A.

- Commcenter, S.A.

- Ebioss Energy, AD

- Euroespes, S.A.

- Eurona Wireless Telecom, S.A.

- Facephi Biometria, S.A.

- Griñó Ecologic, S.A.

- Imaginarium, S.A.

- Let´s Gowex, S.A.

- Lumar Natural Seafood, S.A.

- Medcom Tech, S.A.

- Neuron Biopharma, S.A.

- NPG Technology, S.A.

- Secuoya Grupo de Comunicacion, S.A.

- Suavitas, S.A.

- World Wide Web Ibercom, S.A.

- Zinkia Entertainment, S.A.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea