Ekonomia -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
ELAk patronalera gerturatzea leporatu die CCOOri, UGTri eta LABi
Adolfo Muñoz idazkari nagusiak jakinarazi du ez direla Mahai Sozialean eseriko, eta, pribatizazioa dela eta, Kutxabanken Fernandezek "duela lau urte iragarritakoa" bete dela kritikatu du.
Erredakzioa
Adolfo Muñoz ELAren idazkari nagusiak esan du sindikatua "oztopoa" dela botere politikoak eta ekonomikoak ezarri nahi dituen politiken aurrean, eta gogor kritikatu ditu CCOO, UGT eta LAB, "duela pare bat urte ziotena baztertu" eta "patronalera gerturatzeagatik".
Adolfo Muñoz idazkari nagusiak Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, lan erreformarekin "erabat aldatu da agertokia sindikatuentzat", eta patronalari "nahi duen guztia" eman diote.
"Erabat aldatu da agertokia sindikatuentzat, eta ezin da ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatu. Patronala oso irmo ikusten dugu, eta gainerako sindikatuak, CCOO, UGT eta LAB, duela pare bat urte aldarrikatzen zutena baztertu eta patronalera gerturatzen. ELA ez da arazoa. ELA oztopoa da prekarietatearentzat, alor soziala deuseztatzeko eta zerga alorrean errenta altuenei opariak emateko. Botere politikoak eta ekonomikoak ez dute oztoporik nahi euren politikak aurrera ateratzeko, eta ELA oztopoa da", berretsi du.
Bestalde, Adolfo Muñozek jakinarazi du ELA ez dela Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiken sailburuak udazkenerako deituko duen Mahai Sozialean eseriko, "nahiz eta ELAk elkarrizketa soziala nahi, aldarrikatzen duguna elkarrizketa sozialik ez dagoela baita".
Gainera, ELAren idazkari nagusiak "Kutxabanken presidenteak duela lau urte esandakoa bete" izana kritikatu du. "ELA ez zen izan Kutxabanken pribatizazioarena edo kapital pribatua sartuko zela esan zuena. Hori Mario Fernandezek esan zuen, eta aste honetan bertan berriro esan du. Baina esaten ez dutena da legea EAJk eta PPk egin zutela", gaineratu du.