Ekonomia -
Enplegu Deiadi Publikoa
Eusko Irratiaren EDParen lehen froga izan da gaur
500 pertsonatik gora izan dira Barakaldoko BECen, Eusko Irratiak konkurtsora ateratako 43 erredaktore/esatari postuetako bat lortu asmoz.
Erredakzioa
500 pertsonatik gora bildu dira gaur goizean Barakaldoko BECen, EiTBren Eusko Irratiak konkurtsora atera dituen 43 erredaktore/esatari postuetako bat lortzeko egin beharreko derrigorrezko lau frogetako lehena osatzeko.
Lehen azterketa horretan, gaurkotasuneko eta kultura orokorreko test bat bete dute hautagaiek. Gainditzen dutenek irratirako erredakzio froga bat egin beharko dute, EiTBk jakinarazi duenez.-
Hirugarren proba irrati lokuziokoa izango da, eta laugarrena eta derrigorrezkoen artean azkena, aldiz, hizkuntza gaitasunekoa. Horretarako, EAEko bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, menperatzea eskatuko da.
Gainera, borondatezko bi froga egongo dira, ingelesa eta frantsesa edo alemana menperatzen dituztela erakutsi nahi dutenentzat.
Lehen hiru frogak gaindituta, hizkuntza gaitasunen proban kale egiten dutenek bi deialdi berri izango dituzte, 2015ean eta 2016an, euskara eta gaztelania menperatzen dituztela erakusteko.
Guztira, Eusko Irratiak 49 postu atera ditu Enplegu Deialdi Publikora (43 erredaktore/esatari, 5 soinu teknikari eta mantentze teknikari bat), EiTBko irratietan kontratu mugagabe ez finkoarekin dauden 79 postuak ordezkatzeko.
Oposaketak polemika eta langileen protesta ekarri du, 30 lanpostu galduko direla kexu baitira. EiTBko administrazio kontseiluak 2014ko apirilaren 29an onartutako erabaki bat betez egin da EDPa.