Ekonomia -
Opor fiskalak
Jaurlaritza 'solidarioa' izango da opor fiskalen isunaren inguruan
Urkulluk ez du zehaztu bere Gobernuak ordainduko duen isunaren portzentajea, baina "instituzio guztientzat konponbide egokia" aurkitzen saiatuko dela adierazi du.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri du Eusko Jaurlaritza "solidarioa" izango dela foru aldundiekin eta opor fiskalen isunaren zati bat ordainduko duela, "instituzio guztientzat konponbide egokia" aurkitzeko asmoz.
Lehendakaria Irizarren 125. urteurren ekitaldian eta instalazio berrien inaugurazioan izan da Ormaiztegin, Gipuzkoan, Arantza Tapia eta Ana Oregi sailburuekin batera.
Bertan, Urkulluk ez du zehaztu bere Gobernuak ordainduko duen isunaren portzentajea, afera hori asteazkeneko Finantzen Euskal Kontseiluaren bileran eztabaidatuko baita.
Lehendakariak adierazi du isuna foru aldundiei bideratu zaiela, baina Urkulluren arabera, "Eusko Jaurlaritzak laguntza haietan, ideia eta emaitzetan parte hartu zuen, eta konponbidean ere parte hartuko du". Hori horrela, Jaurlaritza "solidarioa" izango dela esan du.
Haren ustez, opor fiskalak "beharrezko ekimena" izan ziren "beharra zegoen garaian". "Euskadik euskal ekonomia berpizteko ahalegina egin zuen depresio une larrian, eta laguntza haiei esker, herrialdea krisi ekonomiko hartatik atera zen", zehaztu du.
Bere Gobernuak "maila ona" emango duela eta "instituzio guztientzat konponbide egokia" aurkituko duela adierazi du Urkulluk. "Adostasuna eta akordioa eskatzen dizkiguten interes orokorrei lehentasuna eman nahi diegu", esan du lehendakariak. "Horixe da krisi honetatik indartuta ateratzeko espiritua, gure herriaren etorkizunak behar duen ekonomia berria sortzeko".
Bestalde, urteko lehen hiruhilekoan munduko merkataritzan hobekuntza izan dela (+ % 1,3) eta euskal esportazioek % 4,3 egin dutela gora azpimarratu du lehendakariak. Gainera, "bilketaren garapen positiboa" eta Confebasken estimazioen hobekuntza aipatu ditu Urkulluk; aurten 10.000 lanpostu garbi sortuko direla espero da.
Datuak datu, Eusko Jaurlaritzak "oinak lurrean" mantenduko dituela berretsi du lehendakariak, eta ekonomia bermatzeko lanean jarraituko duela, "industria eraikitzen jarraitu eta elkarlana sustatzeko".