Ekonomia -

Administrazio-kontseilua

EH Bildu: 'Pribatizazioa gauzatzeko lehen pausoa emango du Kutxak'

Gipuzkoako Batzar Nagusiek proposatu behar dituen patronatuko 12 kide izendatzeko prozesua gai-zerrendatik at uzteko eskatu du EH Bilduk Kutxako Administrazio-kontseiluan.

Ainhoa Beola EH Bilduren ordezkaria Kutxaren Adminisrazio-kontseiluan. Argazkia: EFE
Ainhoa Beola EH Bilduren ordezkaria Kutxaren Adminisrazio-kontseiluan. Argazkia: EFE
Ainhoa Beola EH Bilduren ordezkaria Kutxaren Adminisrazio-kontseiluan. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ainhoa Beola EH Bilduren ordezkariak salatu duenez, Kutxaren Administrazio-kontseiluak "bere pribatizazioa gauzatzeko lehen pausoa emango du" gaur.

Gainera, Gipuzkoako Batzar Nagusiek proposatu behar dituen patronatuko 12 kide izendatzeko prozesua martxan jartzeko puntua gai-zerrendatik at uzteko eskatu du EH Bilduk Kutxako Administrazio-kontseiluan. Fundazioaren 15 kideetatik 12 izendatuko dituzte prozeduran.

Fundazioaren estatutuak oraindik aurkeztu ez dituztenean gaia kontseilura eramatea kritikatu du Beolak bilera hasi baino lehen. Horrela, "pribatizazioaren lehen pausoa atzeratzeko" eskatu die EAJ, PSE-EE, PP, CCOO eta Pixkanakari (gehiengoa dute). Era berean, kutxen "kontrol publikoa" bermatzeko legeak ematen dituen aukerak aztertzeko txosten juridikoak bukatu bitartean itxaroteko eskatu die.

Irailean, "Gipuzkoako etorkizunerako eta orainerako funtsezko tresna finantziero bat izateko biderik egokiena guztien artean aztertzea", eskatu du Beolak.

Bestalde, ELA eta LAB sindikatuek adierazpen bateratua argitaratu dute. Kutxako Administrazio-kontseiluan gaur planteatu behar duten eztabaidagaia "kutxak pribatizatzeko eta garbitzeko prozesuan itzulezinezko pausoa da", sindikatuen hitzetan.

EAJren erantzuna

"Gezurretan aritzeari uzteko" eskatu dio Gipuzkoako EAJk Bilduri. Fundazioko estatutuen zirriborroa "duela bi aste" EH Bilduren eskuetan dagoela azaldu dute jeltzaleek.

Jeltzaleek Beolaren adierazpenei erantzun diete agiri batean. EAJk salatu duenez, Kutxako Batzarrean ordezkaritza duten talde guztiek osatzen duten lantalde bat estatutuak egiten ari dira, baina Bilduk "ez parte hartzea erabaki du".

"Estatutuak hobekuntza eta ekarpenak egiteko agiri irekiak dira, baina ekarpenak egiteko eta hobetzeko bertan egon behar da lanean, pankarta bazterrean utzita", erantsi du EAJk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kutxabank albisteak