Ekonomia -
'Opor fiskalak'
Francok gogorarazi du EBk 2001ean eskatu zuela laguntzak itzultzea
Erantzun horixe eman dio Bilbaori. Bestalde, aurreko Aldundiak prozesua 10 urtez atzeratu ostean, Bilduk urte eta erdian itzuli zituela azpimarratu du.
Erredakzioa
Helena Franco Gipuzkoako Ogasun diputatuak Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiari erantzun dio gaur, eta azpimarratu du Europako Batzordeak 2001ean eskatu zuela 'opor fiskalak' direla eta emandako laguntzak itzultzeko.
Francok Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzorde iraunkorrean adierazi duenez, "ez da egia" Bilbaok atzo esandakoa, hau da, Gipuzkoako Aldundia izan zela laguntzak itzultzen azkena.
Bilduk agintea hartu eta urte eta erdira laguntza guztiak berreskuratu zituztela azpimarratu du Francok, eta gogor salatu du EAJ zegoen garaian, EBren eskaria jaso eta 10 urtera, laguntza horien % 20 soilik jaso zutela.
"Egungo Aldundiari ezin zaio leporatu prozesua atzeratzeko estrategia, Europako Batzordearen aginduari oztopoak jarri nahi izan dizkionik”, gaineratu du.
Markel Olano EAJren bozeramaileak erantzun dio beharrezkoak izan zirela 'opor fiskalak' bere garaian, "euskal industria erortzen" ari zenean, eta dirua berreskuratzeko prozesua "oso zaila" izan zela esan du, enpresak ixtera behartu gabe egin behar izan zelako.
Helena Francok, ordea, errefusatu egin du argudio hori, Europako Batzordeak 2001ean eskatu zuelako laguntzak itzultzea, eta garai hartan berreskura zitezkeelako, garai ekonomiko ona baitzen.