Ekonomia -
Ertzaintza
ELA eta Erne ez dira hauteskundeak jorratzeko bileran izango
Hauteskunde sindikalak orain egitea "nori interesatzen zaion" galdetu du Ernek. ELAk Esan kritikatu du "lau sindikatu negoziazio mahaitik altxatu direnean" hauteskundeak "deitzeagatik".
Erredakzioa
Datorren astelehenean, Erandion (Bizkaia), egin beharreko bilerara joango ez direla iragarri dute ELA eta Erne Ertzaintzako sindikatuek. Bileran hauteskunde sindikalak jorratu behar dituzte. Esan sindikatuak hauteskundeak egitea eskatu zuen.
ELAk, agiri batean, Esan sindikatua kritikatu du "lau sindikatu negoziazio mahaitik altxatu direnean" hauteskundeak "deitzeagatik", lan baldintzen negoziazioari erreferentzia eginez. Ertzaintzaren arazoak konpontzea "kezka" nagusia denean hauteskundeak planteatzea kritikatu du Ernek bere webgunean.
Bi sindikatuak ez dira asteleheneko bileran izango, baina atean elkarretaratzea deitu du Ernek, hauteskundeetako deitzailearen jarrera salatzeko; izan ere, Segurtasun Sailaren ekintzak "normaltasunez jantzi" nahi ditu.
Hauteskundeak lehentasuna ez direla azaldu du Ernek, eta hauteskunde sindikalak orain egitea "nori interesatzen zaion" eta "zergatik" galdetu du.
Bestalde, Segurtasun Sailak eta Esan sindikatuak ertzainak "hauteskunde dinamika" batean sartzeko "interes handia" dutela salatu du ELAk. Sailak "bere negoziazio borondate eskasa justifikatu nahi du" eta Sailarekin mantentzen duen "lankidetza eta atsegintasuna ezkutatu nahi du" Esanek, ELAren hitzetan.