Ekonomia -
Eragiketa
Burger Kingek Tim Hortons kafetegien katea erosi du
Sektoreko mundu mailako hirugarren konpainiarik handiena sortuko dute. Fakturazio orokorra 17.425 milioi eurokoa izango da eta 100 bat herrialdetan 18.000 jatetxe baino gehiago izango ditu.
Erredakzioa
Burger King Worldwidek, janari lasterreko jatetxeen Estatu Batuetako bigarren katerik handienak, Tim Hortons kafetegien katea erosteko akordio bat adostu du. Horrela, sektoreko mundu mailako hirugarren konpainiarik handiena sortuko dute. Fakturazio orokorra 23.000 milioi dolarrekoa izango da (17.425 milioi eurokoa) eta 100 bat herrialdetan 18.000 jatetxe baino gehiago izango ditu.
Konpainia berria Kanadan izango du helbide korporatiboa; izan ere, herrialde horretako eskakizun fiskalak onuragarriagoak dira. Dena den, Burger Kingek nabarmendu du Oakvillen (Miamin) jarraituko dutela izaten euren egoitza.
Administrazio Kontseilua: Burger Kingeko zortzi kide, eta Tim Hortonseko hiru
Adostutakoaren arabera, Alex Behring Burger Kingen presidente exekutiboa konpainia berriaren presidente exekutiboa eta zuzendaria izango da. Bere aldetik, Marc Caira, Tim Hortonsen presidente eta kontseilari eskuordea, presidenteordea izango da. Administrazio Kontseilu berrian, Burger Kingeko zortzi kide, eta Tim Hortonseko hiru.
Bestalde, Berkshire Hathaway Warren Buffeten inbertsio sozietateak 3.000 milioi dolar (2.273 milioi euro) emango ditu, lehentasunezko kapitaleko finantzazio moduan; hala ere, bi enpresek azpimarratu dute Berkshire finantzaketa iturria besterik ez dela, eta ez duela kudeaketan parte hartuko.