Ekonomia -
Lan-orduak
Frantziako Ekonomia ministro berriak 35 orduen eztabaida berpiztu du
Emmanuel Macronen ustez, aldaketak "langileen eskubideen pilaketa langabezian daudenentzat oztopo bihurtzen duen amarrua" bukatuko luke.
Erredakzioa
Emmanel Macron Frantziako Ekonomia ministro berriak 35 lan-orduko astearen inguruko eztabaida berpiztu du, langileekin adostasunera iritsiz gero, enpresek arau hori indargabetzeko aukera izatearen alde agertu baita.
Le Point astekariak astelehenean egin eta gaur argitaratu duen elkarrizketan egin ditu adierazpenak, Ekonomia eta Industria ministro izan aurretik.
"Enpresak eta sektoreak baimendu ditzakegu, gehiengoaren adostasunarekin, lan-orduen eta dirusarien arauak indargabetzera. Zailtasunak dituzten enpresentzat posible bada, zergatik ez guztientzat, langileekin adostasunera iritsiz gero?", esan du Macronek.
Macronen ustez, aldaketak "langileen eskubideen pilaketak langabezian daudenentzat oztopo bihurtzen dituen amarrua" bukatuko luke.
Bestalde, "azaltzeko eta aplikatzeko" zaila den proposamena dela onartu du, "batez ere ezkertiarrentzat", 2000. urtean garaiko Lan ministro eta egungo Lilleko alkate Martine Aubryk onartutako neurri baten harira (asteko lan-orduak 39etik 35era murriztu zituen).
Macronek zehaztu du sozialismoak "langileen eskubide formalak" hedatzearen alde egin zuen arren, egungo errealitateak "guztien eskubide errealak" kontuan hartzera behartzen duela, "batez ere, langabezian daudenenak".
Uztailean % 0,8 egin du gora langabeziak Frantzian, eta Macronen adierazpenak ez dira oharkabean pasatu. Sindikatuen kritikak, patronalaren txaloak eta Gobernuaren zehazpenak jaso ditu Ekonomia ministroak.
"Gobernuak ez du 35 orduen legea aldatzeko asmorik, aurrerapen handia da", esan du Marisol Touraine Osasun ministroak, François Rebsamen Lan ministroarekin batera.
Laurent Berger CFDT sindikatuko idazkari nagusiak esan du, aldiz, ez dela "ideia ona".
Bestalde, Pierre Gattaz Medef patronaleko presidentea Ekonomia ministroaren adierazpenekin bat etorri da.
"Enpresa batek 40 ordu behar baditu, egin egin behar da", esan du.
Manuel Valls lehen ministroak lehenago ere azaldu zuen 35 lan-orduko astea errebisatzeko prest zegoela. Enplegua babestu eta langabezia murrizteko hartu zen neurria.