Ekonomia -

Denden ordutegiak

Abandon, Zazpikaleetan eta Deustun ordutegi askatasuna izango dute

Turismo handiko eremuetara mugatzen da neurria, Abandora, Indautxura, Garellanora, Zazpikaleetara eta Deustura, hain zuzen ere, eta uztailaren 1etik abuztuaren 31ra egongo da indarrean.

Abandon, Zazpikaleetan eta Deustun ordutegi askatasuna izango dute dendetan. Argazkia: EiTB
Abandon, Zazpikaleetan eta Deustun ordutegi askatasuna izango dute dendetan.
Bilboko Abandok, Alde Zaharrak eta Deustuk; ordutegi xedatua 2015ean

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak "turismo handiko eremu" izendatu ditu Bilboko Abando-Indautxu-Garellano, Zazpikaleak eta Deustu, eta bertako dendek nahi dutenean irekitzeko aukera izango dute 2015eko udan.

Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu dute gaur Itziar Epalza Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen erabakia, Bilboko Udalak egindako proposamena onartzen duena.

Jaurlaritzaren ebazpena bihar sartuko da indarrean, baina praktikan 2015eko uztailaren 1etik abuztuaren 31ra iraungo du. Ebazpenaren kontra helegitea jartzeko aukera dago, hala ere.

Espainiako Gobernuak 2012an onartu zuen dekretuaren harira egin dute ebazpena. Dekretu haren arabera, 100.000 biztanletik gorako udalerrietan, aurreko urtean 600.000 ostatu-gau baino gehiago erregistratu badituzte, edo aurreko urtean bidaiari-ontzien bidez 400.000 turista baino gehiago jaso badituzte, eremu bat, behintzat, turismo handiko eremutzat joko da.

Eremu horietan merkatariek "askatasun osoa izango dute erabakitzeko zein egunetan eta zein ordutatik zein ordutara egon behar diren jendearentzako zabalik".

"Datu horiek argitaratu eta sei hilabeteko epean autonomia erkidego eskumendunek ez badute udalerri horietako eremuren bat turismo handiko eremutzat jo, udalerri osoa halakotzat joa izan dela ulertuko da, eta merkatariek askatasun osoa izango dute euren establezimenduak urte osoan zehar irekitzeko". Bilboko Udalak, baina, aipatutako eremu horiek proposatu ditu turismo handiko eremutzat jotzeko. Beraz, ebazpenaren arabera, eremu horietan izango dute ordutegi askatasuna merkateriek.

Turismo handiko eremutzat jotzeko, baldintza hauetakoren bat izan behar dute (udalerri osoak zein haren zati batek): nahikoa kontzentrazio izatea ostatu eta establezimendu turistikoei dagokienez, gizadiaren ondare deklaratua izatea edo ondare historiko-artistikoan sartuta dagoen eta interes kulturala duen ondasun higiezin bat edukitzea, muga ondoko zonetako eragimen-eremuak mugatzea edo eratzea, nazio edo nazioarte mailako kirol edo kultur ekitaldi handiak egitea, itsas bidaia turistikoekin lan egiten duten eta bisitari-kopuru nabarmena duten portu-eremuetatik gertu egotea, batik bat erosketa-turismoagatik erakargarri diren eremuak osatzea edo turismo handiko eremu izatea justifikatzen duten inguruabar bereziak izatea.

Bestalde, orain Donostiako turismo handiko eremuak izendatu beharko ditu Jaurlaritzak; izan ere, Espainiako Gobernuak uztail hasieran agindu zuen Donostian ere ordutegi askatasuneko eremuak ezarri behar zirela.

Udalak sei hilabeteko epea du eremu horiek izendatzeko, eta, ondoren, Jaurlaritzaren oniritzia jaso beharko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo albisteak