Ekonomia -
Ministerioaren erabakia
Jaurlaritza: 'Onartezina da antxoaren arrantzaldia berriz zabaltzea'
Urkulluk gogorarazi duenez, Arrantza Idazkaritzaren erabakiak "ez du jaso arrantza-sektorearen babesa ezta erkidegoetako administrazioena ere".
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren ustean, "ulertezina eta onartezina" da Espainiako Gobernuak Kantauri itsasoan antxoaren arrantzaldia gaurtik aurrera berriz zabaltzea erabaki izana. "Adostasuna hautsi duen aldebakarreko erabakia da", Iñigo Urkulluren gobernuak salatu duenez.
Nekazaritza Ministerioak antxoaren arrantzaldia berriz zabaltzea erabaki du, 2.000 tona gehiago harrapatzeko baimena emanez, Kantauri itsasoko Itsasbazterreko Arrantzako Elkartearen (Bizkaia eta Gipuzkoako arrantza elkarteak dira horren kide) iritziaren aurka eginda.
Facebooken duen kontuan, Iñigo Urkullu lehendakariak aurreko larunbatean Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak emandako iritzia berretsi du, eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Arrantza Idazkaritzak hartutako erabakiak "ez du jaso arrantza-sektorearen babesa ezta erkidegoetako administrazioena ere", nabarmendu du.
Halaber, neurriak "adostutako kuotak aldatu ditu", 2015. urteari dagokion kuotaren zati bat arrantzatzea baimendu baitute.
"Datorren urteko kuota 2.000 tona murrizteak arrantza-sektoreko errentak txirotzea ekarriko du", azpimarratu du Jaurlaritzak.
Era berean, lehendakariaren hitzetan, "espezie hau harrapatzeko adostutako sasoia aldatzea ekarriko du, udaberriko jarduera (maiatza-ekaina) dela kontuan hartuta".