Ekonomia -

Funtzio publikoa

2012ko estra itzuliko dute Arabak, Bizkaiak eta Jaurlaritzak

Aldundiek bere osotasunean ordainduko dute aparteko soldata, eta Jaurlaritzak, laurden bat.

Aparteko soldata kentzearen kontrako protestak. EFE
Aparteko soldata kentzearen kontrako protestak
Aparteko soldata kentzearen kontrako protestak. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Orain bi urte funtzionario eta langile publikoei atxikitako aparteko soldata ordainduko diete Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak. Hala iragarri dute, agerraldi banatan, lurralde bietako ahaldun nagusiek eta Jaurlaritzaren bozeramaileak.

Bizkaiak urtea amaitu baino lehen itzuliko du dirua; Arabakoa, Ogasun Ministerioak "baimena" eman zain dago.

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia izan da iragarpena egiten lehena. Batzar Nagusietan egindako hitzaldian, Foru Aldundiak "2012ko aparteko soldata ordaintzeko asmoa" duela iragarri du, eta "2014an erosteko ahalmenak izandako galera errekuperatzekoa".

Handik gutxira, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak jakinarazi du berria, Diputatuen Kontseiluaren ostean egin ohi duen prentsaurrekoan. De Andresek nabarmendu duenez, Arabako Foru Aldundia "prest" dago estra itzultzeko, funtzionarioei "hala dagokielako".  Hori bai, ordainketa "posible den unean egingo dugu, legezko trabarik ez dagoenean". Hala, Ogasun Ministerioak "baimena" ematen duenean ordainduko du Arabak, horretarako dituen zortzi milioi euroak baliatuta.

Jaurlaritzak, bestalde, aparteko soldata horren laurdena itzuliko duela iragarri du, Estatuko Aurrekontu Orokorrek jasotakoa konfirmatzen bada behintzat.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoen ministroak joan den astean iragarritako neurriak aztertu dituzte Gobernu Kontseiluan. Espainiako Gobernuak funtzionarioen soldata izoztu eta 2012ko estraren laurdena itzultzeko asmoa agertu zuen. Aurrekontuak onartuz gero, oinarrizko arau izango dira bi neurriak; bete beharrekoak, horrenbestez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Arabako albisteak Eusko Jaurlaritza albisteak