Ekonomia -

Langabezia datuak

Langabezia apur bat igo da irailean EAEn eta Nafarroan

Langabe kopuruak % 0,69 eta % 0,01 egin du gora Bizkaian eta Nafarroan. Gipuzkoan eta Araban, ordea, behera egin du (% -1,08 eta % -0,01).

Langabe kopuruak gora egin du irailean EAEn.
LAngabezia datuak
Langabe kopuruak gora egin du irailean EAEn.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langabe kopuruak gora egin du irailean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan. Zehazki, 349 eta 4 pertsona gehiago (aurreko hilabetean baino % 0,21 eta % 0 ,01 gehiago), hurrenez hurren, daude bi erkidego horietan lan gabe. Horrenbestez, egun 169.537 eta 46.206 lagun daude erkidego horietako enplegu bulegoetan izena emanda, Lan Ministerioak eta Gizarte Segurantzak gaur emandako datuen arabera.

Lurraldeka, baina, Bizkaian bakarrik egin du gora langabeziak. 653 langabe gehiago zenbatu dituzte bertan; hots, % 0,69 gehiago. Araban eta Gipuzkoan, ordea, behera egin du; 299 eta 5 lagun (% -1,08 eta % -0,01), hurrenez hurren.

Foru erkidegoan iazko epe berean baino 4.201 langabe gutxiago daude orain, urtebetean % 8,33 egin baitu behera langabeziak.

Estatuko datuei dagokienez, 19.720 pertsonak galdu dute lana, eta, horrenbestez, 4.447.650 lagun daude langabezian. Azken bi hilabeteetan gora egin du langabeziak Espainiako Estatuan.

Balorazioak

Gaur jakinarazitako datuei alde "positiboa" ikusteko orduan bat egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Hala, Juan Maria Aburto Lan eta Gizarte Politika sailburuak esan duenez, langabeziak gora egin badu ere, "krisia hasi zenetik izan dugun bigarren irailik onena" da aurtengoa eta, beraz, agerian geratu da ekonomia "inflexio puntu" batera heldu dela. "Ekonomia jarduera hobetuz doa eta enpleguan ere denok espero genuen isla izaten hasi da", borobildu du.

Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Gobernuko bozeramailea ere baikor mintzatu da, langabezia % 0,01 "bakarrik" igo delako, eta iraila beti delako hilabete "zaila". "Positiboena", esan du kontseilariak prentsaurrekoan, Gizarte Segurantzan 834 lagun gehiago dagoela izena emanda. Haren ustez, datu horrek "apurka-apurka ekonomia bere onera etortzen ari dela berretsi du".

Araban eta Gipuzkoan behera egin du langabeziak. Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak datua aintzat hartzeko modukoa dela nabarmendu du, baina "zuhurtzia" eskatu du: "Langabe kopurua oso handia da eta ez da hilabetean konpontzen". Adegi Gipuzkoako patronalak ere, pozik hartu du hazkundea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia 2024 Lana berriak