Ekonomia -

Auzitegi Nazionala

Dietak irregularki jasotzea egotzi diote CAMeko presidente ohiari

Antza, Modesto Crespo presidenteak 300.000 euro modu irregularrean jaso zituen 2009 urtean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Gomez Auzitegi Nazionaleko epaileak Modesto Crespo CAMeko presidente ohia inputatzea erabaki du, bidegabeko jabetze delitu batengatik. Antza, 2009 urtean 300.000 euro jaso zituen modu irregularrean dietetan Crespok.

Crespo Tinser Cartera SL. parte hartutako elkarteko presidentea zen, eta presidente zen bitartean jaso zuen dirua. Epaileak aparteko atala ireki du. Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak, gainera, 2009ko azaroaren 27an egindako bilera batean dietak onartu zituzten 18 kontseilarien egozpena ere eskatu du.

Epaitegietako iturrien arabera, Crespo 2009ko abenduan heldu zen Tinserreko presidentziara. Kontseilariek azaroaren 27an egin zuten bileran izendatu zuten Crespo presidente eta batzar orokorrak egun batzuk beranduago, abenduan, berretsi zuen izendapena.

Kontseilariek, gainera, Crespok urteko azken bi hiruhilekoei zegozkien dietak “atzeraeraginezko” moduan kobra zitzan erabaki zuten, nahiz eta urteko azken hilabetean heldu kargura.

Gomez Bermudez epailea Crespo eta kutxako beste hainbat zuzendari ikertzen ari da ustez egindako delituengatik. Besteak beste, sozietateetan delituak, maulak, prezioen manipulazioa eta kudeaketa aztertzen ari da.

Espainiako Bankuak 2011an esku hartu zuen kutxa eta urte horretako abenduan Sabadell bankuak erosi zuen CAM euro baten truke. Gordailuen Garantia Funtsak 5.249 milioi euro injektatu zituen eta Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak 2.000 milioi euro.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea