Ekonomia -
Hipotekak
Kutxabankek familia bati 'iruzur' egin diola ebatzi du epaile batek
Hain zuzen ere, hipoteka baten kontratuan, kutxei dagokien HMEI indizea ezarri zion bankuak.
Erredakzioa
Donostiako Merkataritza Arloko 1 zenbakiko Epaitegiak baliogabetu egin du Kutxabankek familia batekin sinatutako hipoteka, iruzur egitea egotzita. Izan ere, bankuak erakundeei dagokien Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea (HMEI) ezarri zion.
IRPH Stop Gipuzkoa plataformak azaldu duenez, familia horri Euribor+1 indizea atzeraeraginezko ondorioekin ezarri eta prozesu judizialaren kostuak ordaintzera behartu du epaileak Kutxabank.
Plataforma horren esanetan, sendiak 20 urterako hipoteka bat sinatu zuen Kutxarekin 2007. urtean. Ezarritako indizea kutxen HMEI (Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea) izan zen, eta Euribor+1 erabiltzea sinatu zuten hori desagertu ostean.
2012. urteko ekainean, kutxen HMEI adierazlea % 4tik gertu zegoen, eta familiak ezin zuen kuota ordaindu. Ordurako, adierazle hori ez zegoen indarrean, Espainiako Gobernuak aurreko urtean baliogabetu zuelako, baina Kutxabankek "atzeratu" egin zuen Euriborrarera aldatzeko prozesua.
Are gehiago, Euriborra erabiltzen hasi beharrean, hipoteka beste zortzi urtez luzatzea eskaini zion familiari, hilabeteroko kuota murrizteko, baina familiak ordaindu beharreko interesak handituta.
Halaber, "familia ohartarazi gabe", Kutxabankek kutxen HMEI indizea kendu eta erakundeen HMEI indizea ezarri zion, hori ez baita desagertu.
IRPH Stop Gipuzkoa plataformak esan duenez, "oso larria" da Kutxabanken jokaera, eta "fede oneko zordunekin bihozgabe" jokatzea egotzi dio. Horren aurrean, dimititzea eskatu dio Xabier Iturbe Kutxako presidenteari.