Ekonomia -
Santander Bankua
Botinek arduragabekeriaz jokatu duten bankarien jarrera salatu du
Bestalde, Santander Bankuaren presidenteak azpimarratu du Espainiako Estatua "adibide ona" dela egiturazko erreformek etekinak ematen dituztela erakusteko.
Erredakzioa
Ana Botin Santander Bankuaren presidenteak ohartarazi du gizarteak bankuengan zuen konfiantza galdu duela bankari batzuek "arduragabekeriaz" jokatu dutelako. Gainera, krisi ekonomikoaren aurreko garaian bankari "gehiegik" garapenaren alde lan egitea ahaztu zutela kritikatu du.
"Nire ustez, bankari gehiegik ahaztu zuten helburua (garapenaren alde lan egitea) krisi ekonomikoaren aurreko urteetan. Sektore gisa, gizarteak gugan zuen konfiantzaren zati handi bat galdu genuen", adierazi du Ana Botinek Santander Bankuak antolatu duen Bankuen VII. Nazioarteko Konferentzian.
Santander Bankuaren presidenteak berretsi du bankuetan lan egiten duten "askok" haien funtzioak ahazten dituztela: "Pertsonen eta enpresen garapenean laguntzeko gaude".
Horren harira, bankuen lan egiteko moduaz gogoeta egiteko beharra dagoela azpimarratu du: nola egiten diren gauzak, eta nola jokatzen duten langileekin, bezeroekin, akziodunekin eta gizartearekin. "Gure zeregina betetzen ez badugu, bankuek ez, baina gizarteak ere ez du aurrera egingo", ohartarazi du.
Bestalde, Ana Botinek zalantzan jarri du nazioarteko finantza sektorearen erregulazio sistemak "oreka egokia" ote duen finantza sistema "egonkortzeko eta hazkunde ekonomikoa indartzeko". "Garapenaren alde lan egiteko bagaude, bankuek modu eraginkorrean lan egitek aukera izan behar dute", aldarrikatu du.
Santander Bankuaren presidenteak azpimarratu du Espainiako Estatua "adibide ona" dela egiturazko erreformek etekinak ematen dituztela erakusteko. Izan ere, "Espainiak joera aldaketa ikaragarria egin du", gaineratu du.