Ekonomia -
Espalazio-iturria
ESS-Bilbaok 14 milioi euroko balioa duten lanak lortu ditu
Bizkaiko Espalazio Bidezko Neutroien Zentroak akordioa hitzartu du Suediako egoitza nagusiarekin.
Erredakzioa
Bizkaiko Espalazio Bidezko Neutroien Zentroak (ESS-Bilbao) bi lan hitzartu ditu Lundeko (Suedia) egoitza nagusiarekin. Bizkaiko erakundetik jakitera eman dutenez, 14 milioi euroko balioa dute lan horiek.
ESS-Bilbaoko zientzialarientzat lan-karga handia ekarriko dute datozen urteetan proiektu horiek. ESS-Bilbaon Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak parte hartzen dute. Erakundearen helburua Europako espalazio bidezko neutroi-iturrien proiektuari ekarpenak egitea da.
Lanetako bat Blanco edo Target bezala ezaguna da. Europako proiektuaren instalazioko elementu garrantzitsuena eraikitzea du helburu. Diseinatu, fabrikatu eta muntatzeko lanak 9,3 milioi euroko aurrekontua du.
ESS-Bilbaok egingo duen bigarren proiektua MEBT izenaz ezagutzen da. Azeleragailuaren lehen fasean oinarrizkoa den elementu bat da. Aurrez Bizkaiko egoitzan egindako RFQ elementua ere erabiltzen da azeleragailu horretan. 4,5 milioi euroko aurrekontua du horrek.
Abenduaren erdialdean sinatuko dute bi lanak zehazten dituen kontratua.