Ekonomia -
EAE-ren Aurrekontuak
Jaurlaritzak 2015. urteko Aurrekontuak onartuko ditu gaur
Bilera bideokonferentziaz egingo dute, Iñigo Urkullu lehendakaria Mexikon baita.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak 2015. urterako Aurrekontu proiektua onartuko du gaur. Datorren urtean, EAEko ekonomia % 1,7 haztea aurreikusten du Jaurlaritzak, baina, hala ere, Aurrekontuak ez direla iazkoak baino handiagoak izango ohartarazi du Iñigo Urkullu lehendakariak.
Aurrekontuak onartzeko bilera bideokonferentziaz egingo du Jaurlaritzak, lehen aldiz, lehendakaria eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburua Mexikon baitaude, bisita ofizialean.
Urkulluren gobernuak ekainean onartu zituen Aurrekontuen ildoak, eta Jaurlaritzak bi hamarren hobetu zuen hurrengo urterako hazkunde aurreikuspena, % 1,5etik % 1,7ra. Horrela, 2015ean 5.300 lanpostu sortzea eta langabezia-tasa bi hamarren jaistea (% 15,8tik % 15,6ra) espero du Jaurlaritzak.
Hurrengo urteko kontuetan, Jaurlaritzak 1.037 milioi euroko zorrak ordaindu beharko ditu (aurten 791 milioikoak izan dira), eta, defizitaren arloan, barne produktu gordinaren (BPG) % 0,7ko mugari eutsi beharko dio.
Aurrekontuak onartu eta gero, Jaurlaritzak negoziazioak abiatu beharko ditu alderdi politikoekin, Eusko Legebiltzarrak onar ditzan. Urkulluren gobernua "alderdi guztiekin" hitz egiteko prest agertu da, baina "lehentasuna" PSE-EEri emango diola aurreratu du, 2016. urtera arteko egonkortasun akordioa sinatu zutelako.
Akordioa lortzeko, baina, PSE-EEk 150 milioi euroko baldintzak jarri ditu, Idoia Mendia idazkari nagusiak azaldu duenez.
Bestalde, EH Bilduk Aurrekontuak babesteko "aukera gutxi" dagoela uste du, Jaurlaritza "sozialistei begira" baitago. Murrizketa sozialik ez egitea jarri du baldintza gisa babesa emateko.
PPk, Aurrekontuak babestu baino gehiago, "Euskadi modernizatzeko itun irmoa" sinatu nahi du Jaurlaritzarekin. "Euskadik unean uneko akordioak baino zerbait gehiago behar du", esan dute popularrek.
Azkenik, UPyDk errefusatu egin du Aurrekontuak babestea, Jaurlaritzari "arnasik ez emateko", eta murrizketa sozialak alboratzeko eta ongizate-estatua indartzeko deia egin dio Gasteizko gobernuari.