Ekonomia -
Iruzurra
FROBek 2.600 milioi atzeman ditu legez kontrako operazioetan
Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak 23 operazioren berri eman zion Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzari, 16 Catalunya Bankekoak eta 7 Novacaixagaliciakoak. 1.500 milioiko galera eragin zuten.
Erredakzioa
Luis de Guindos Ekonomia ministroak gaur, asteartea, esan duenez, Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak (FROB) legez kontrako zenbait operazio atzeman ditu hainbat bankutan. Guztira, 2.600 milioi euroko galera eragin omen dute.
Urriaren 17an, FROBek 23 operazioren berri eman zion Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzari. 16 Catalunya Bankekoak ziren, eta 7, Novacaixagaliciakoak. Guztira, 1.500 milioi euroko galera ekonomikoa eragin zuten.
De Guindosek Kongresuko Ekonomia Batzordean egindako agerraldian esan duenez, 42 operazioren ondoren, ustezko iruzurrak egin ote dituzten argitzeko, 2.600 milioira igo dute izandako galeraren kopurua.
Hemendik aurrera, esan du De Guindosek, horiek bezalako “egoera gaitzesgarriak” berriro gertatzea saihestu behar dugu, eta hori soilik egin ahalko da gardentasun politikak aplikatuz, kontrol zorrotza eginez eta legedia errespetatuz.
Ez da posible “autokonplazentzia” nagusitzea, eta horri aurre egiteko hasitako lanari eutsi behar zaio.
Hori dela eta, datozen hilabeteetan Gobernuak kreditu entitateen inguruko zuzentarau bat bultzatuko du, Espainiak 2012an gaineratu zituen neurrietako batzuk jasota, etorkizunean bankuak krisialdian badaude berriz, horren kostuak zergadunek bere osotasunean bere gain hartu behar ez izateko.
Horrela, akziodunak eta hartzekodunak izango dira galerak jasango dituzten lehenengoak.