Ekonomia -
VOlkswagen
Barcinak epaitegietatik kanpo nahi du VW-en BEZari buruzko akordioa
Oposizioak Hitzarmen Ekonomikoaren Negoziazio Batzordean parte hartu nahi duela adierazi dio, eta presidenteak erantzun die batzordea ez dela "konponbide absolutua".
Erredakzioa
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak berretsi du Volkswagenen BEZari buruzko "akordio on baten bila" lanean ari dela auzitegietatik kanpo. Oposizioak, berriz, negoziaketetan parte hartu ahal izatea eskatu dio.
Barcinak agerraldia egin du Nafarroako Parlamentuan oposizioko taldeek eskatuta, Estatuarekin dauden desadostasunak azaltzeko. Bere helburua epaitegietatik kanpo akordio batera iristea dela azpimarratu du presidenteak, eta txalotu egin du oraingoz auzia Nafarroaren eta Estatuaren arteko Hitzarmen Ekonomikoaren Negoziazio Batzordean eztabaidatzea, nahiz eta aitortu, "teknikoki dauden zailtasunengatik", aferak "etorkizunean jarraitu" egingo duela.
Urriaren 7an Estatuak eta Nafarroak aipatu batzordean egin zuten lehenengo bileran sortu ziren lehenengo desadostasun sakonak, batzarra atzeratu egin baitzuten Antonio Beteta Estatuko Administrazio Publikoen idazkaria iritsi arte.
Barcinak azaldu duenez, Nafarroako Gobernuarentzat Estatuak bidali zituen ordezkariek ez zuten "nahikoa" maila, eta "beharrezkoa" zen Beteta bertan izatea.
"Nafarroako Gobernuak irmo eskatu zuen Estatuak helegitea bertan behera utzi behar zuela, ziur baikaude Nafarroak ez duela zorrik 2007 eta 2011 urteen artean", azaldu du Barcinak.
Hala ere, presidenteak gogorarazi duenez, "desadostasunak" gorabehera, Estatuak helegitea 60 egunez "bertan behera uztea lortu" zuten.
Oposizioak Hitzarmen Ekonomikoaren Negoziazio Batzordean parte hartu nahi duela adierazi dio, eta presidenteak erantzun die batzordea ez dela "konponbide absolutua".