Ekonomia -

Espainiako Bankua

EAEko kutxak, Kutxabanken duten parte-hartzea murriztera behartuta

Espainiako Bankuak parte-hartze osoa % 50era murrizteko presio egin die BBKri, Vital Kutxari eta Kutxari. Hala egin ezean, 700 milioi euroko erreserba funtsa sortu beharko lukete.

EAEko kutxek Kutxabanken % 100 dute. EiTB
EAEko kutxek Kutxabanken % 100 dute. EiTB
Espainiako Bankuak dio Kutxek akzioen erdiak saldu behar dituztela

1:55

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Bankuak presio egin die kutxei, bankuen berregituraketaren ondorioz sortzen diren erakunde berrietan duten parte-hartzea murrizteko edo, hala egin ezean, balizko krisiei aurre egiteko erreserba funts bat sortzeko.

Irizpide horien arabera, BBK-K, Vital Kutxak eta Kutxak % 50era murriztu beharko lukete Kutxabanken duten parte-hartzea edo, bestela, 700 milioi euroko erreserba funtsa sortu beharko lukete. Datuak konparatzearren, aurtengo lehen seihilekoan erakundeak 76 milioi euro irabazi ditu.

Egun, EAEko kutxek Kutxabanken % 100 dute. BBk-k % 57, Kutxak % 32 eta Vital Kutxak % 11, hain zuzen ere.

Lege berriaren arabera, kutxa batek ezin du banku baten % 50 baino gehiago izan. Atzo, baina, Espainiako Bankuak zorroztu egin zion araudia Kutxabanki, hiru kutxek (BBK, Vital Kutxa eta Kutxa) bakarra bailiran funtzionatzen dutela ezarri baitzuen. Hori dela eta, hiru kutxek, guztira, erakundearen % 50 baino ezingo lukete izan. Hirurek murriztuko beharko lukete parte-hartzea, beraz, eta ez bakarrik BBK-k.

Eskaerak atzo eman zituen ezagutzera Espainiako Bankuak, zirkular batean. Azaroaren 18ra bitartean, kutxek euren iruzkinak eta iritziak bidaltzeko epea zabalduko du Espainiako Bankuak. Hala ere, BBK-k alegazioak aurkeztuko dituela iragarri du dagoeneko.

Inbertsioa gutxitzeko programa ez betetzekotan, banku-fundazioek erabakiaren berri "berehala" eman beharko diote Espainiako Bankuari. Gauzak horrela, ikuskatzaileak 20 eguneko epea emango lieke kutxei, finantza-plan berria egin dezaten; plan horretan, erretserba-funtsaren sorrera jaso beharko lukete kutxek.

Kutxabanken kasuan, datozen bost urteetan 700 milioi euro sartu beharko lituzke funts berri horretan, hots, 25 urtez Gizarte Lanei bideratutako diru-kopuru berbera.

BBKren alegazioak

Espainiako Bankuaren asmoak ezagutu eta berehala, BBK-k alegazioak aurkeztuko dituela iragarri zuen atzo. "Eztabaidaren bitartez", disfuntzioak konpontzea espero du BBKk.

Bizkaiko kutxak ohar batean gogoratu duenez, Estatuko finantza-sistema osoko "kaudimendunena" da Kutxabank

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Murrizketak gaur Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Kutxabank