Ekonomia -
Arrels fundazioa
Kalean bizi direnak izen-emaile gisa erabiltzen ari direla salatu dute
Ogasunak etxerik ez duen jendeari ordaindu gabeko zergak eskatu dizkionean ohartu dira enpresetako administratzaile izendatu dituztela.
Erredakzioa
Arrels Fundazioak Bartzelonako Fiskaltzarenera jo du, kalean bizi diren hamabi pertsona engainatu dituztela eta zerga iruzurrak egiteko izen-emaile gisa erabili dituztela salatzeko.
Arrels Fundazioak kalean bizi diren pertsonak artatzen ditu, eta, gaur salatu duenez, izen-emaile gisa erabili zituzten hamabi pertsona horiek buruko osasun arazoak eta alkoholarekiko edo beste droga batzuekiko mendekotasunak zituzten. Gainera, gaur egun ere ez omen dute ia baliabide ekonomikorik.
Salaketan agertzen denez, Ogasunak egindako eskari batzuei tiraka ohartu ziren gertatzen ari zenaz. Izan ere, etxerik gabeko herritar horiek enpresetako administratzaile gisa agertzen ziren Ogasunaren dokumentu horietan, eta zerga batzuk zor zituztela. Gainera, pertsona horiek ez zuten gizarte laguntzak jasotzeko aukerarik, autonomoekin zorrak zituztela agertzen zelako.
Fundazioaren zuzendariak, Ferran Busquetsek, azaldu duenez, salaketaren helburua "12 kaltetuen egoera mahai gainean jartzea da, baina ohiko praktika bat dela salatu nahi dugu. Kalean bizi den jendearengana gerturatzen dira engainu bidez izen-emaile gisa jarri eta zerga iruzurra egiteko".