Ekonomia -
Enplegu publikoa
Negoziatzeko Jaurlaritzaren borondate eza salatu dute sindikatuek
Gaur egin dute Administrazio Publikoko Mahai Sektorialaren bilera, eta ELA, LAB eta UGT sindikatuek salatu dute Jaurlaritzak "antzezpena" egiteko deitzen dituela bilerak.
Erredakzioa
Administrazio Publikoaren Mahai Sektorialean Eusko Jaurlaritzak erakutsi duen "larderia" eta "negoziatzeko borondate eza" salatu dute ELA, LAB eta UGT sindikatuek. Aipaturiko Mahai Sektorialean Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan lan egiten duten langileen lan-baldintzak negoziatzen dituzte.
Bileraren ondoren, sindikatuek agiri bateratua kaleratu dute, eta bertan Eusko Jaurlaritzak langileekiko eta sindikatuekiko erakutsi duten "errespetu falta" kritikatu dute; horien iritziz, Gobernuaren ordezkariak negoziatzeko borondaterik gabe joan direlako.
“Jaurlaritzak legegintzaldi honetan ez du izan sindikatuekin akordioetara heltzeko borondaterik eta gaitasunik eta Mahai Sektoriala deitzen badu, negoziatzeko asmoa irudikatzeko baino ez da”, salatu dute.
“Sei hilabetez Jaurlaritzaren berririk izan gabe egon ostean”, gaurko bileran enplegu publikorako eskaintza, lan-poltsak, lan jardunaldiak eta ordutegiak bezalako gaiak jorratzeko asmoa agertu izana deitoratu dute, “horrelako gaiak goiz batean eta aurrez dokumentazioa jaso gabe aztertzea ezinezkoa delako”.
Gauzak horrela, sindikatuek argitu dute Lakuako langileentzako informazioa jasotzera baino ez direla joan gaurko batzarrera, “Jaurlaritzak ezer negoziatzeko asmorik ez zuela bagenekielako eta gaurko bilera beste antzezpen bat izan delako”.