Ekonomia -

Programa ekonomikoa

Banku publikoa sortzea proposatu du Podemosek

Besteak beste, aldi baterako kontratazioen pizgarriak kentzea eta lan-astea 35 ordura murriztea ere proposatu dute.

Pablo Iglesias, Vicenç Navarro eta Juan Torres ekonomialariekin. EFE
Pablo Iglesias, Vicenç Navarro eta Juan Torres ekonomialariekin. EFE
Pablo Iglesias, Vicenç Navarro eta Juan Torres ekonomialariekin. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Torres eta Vicenç Navarro ekonomialariek Podemos alderdiarentzat sortutako txostenak banku publiko bat edo batzuk sortzea eta behin-behineko kontratazioen pizgarri guztiak kentzea proposatu du.

Aipatu bi ekonomialariek 60 orri eta hainbat proposamen biltzen dituen txosten bat sortu dute, Proiektu ekonomiko bat herritarrentzat izenarekin, eta Podemosek oinarri hartuko du hauteskunde programa egiteko.

Kreditua sustatzeko xedez, banku publikoak edo kreditu kooperatibak sortzea proposatu dute.

Bi ekonomialariek premiazkotzat jo dute "egitura sozialetako" gastu publikoa areagotzea, enplegua sortzeko, eta, horren ildotik, soldatak eta pentsioak handitzearen eta lan-astea 35 ordura murriztearen alde egin dute.

"Eskandalua da banku pribatuak erreskatatu izana eta, hala ere, Espainian krediturik ez egotea", salatu du Navarrok. Hori dela eta, banku publikoen alde agertu da.

Horren haritik, Kreditu Institutu Ofiziala (ICO) herritarrentzako kreditu agentzia izan behar dela nabarmendu dute, kreditua jaso ahal izatea eskubide bihurtu nahi baitute.

Aldi baterako kontratazioak eta zorra

Ekonomialarien txostenak aldi baterako kontratazioen pizgarriak kentzearen alde egiten du, eta murrizketak beharrezkoak ez diren gastuetan egiteko deia egin du.

Ekonomia sustatzeko, herritarren diru-sarrerak handitu behar direla azaldu dute, eta, horrenbestez, soldatak igotzearen alde agertu dira.

Zor publikoari dagokionez, hura berregituratu edo kita bat "adostea" proposatu dute.

Torresen arabera, Podemosek aliatuak bilatu eta presio egin dezake Europako erakundeetan, zorra "urka bat" ez izateko.

Oinarrizko errentaren ordez, diru-sarrerak bermatzeko errenta bat

Podemosek atzera egin du herritar guztientzako oinarrizko errentaren alorrean, eta, horren ordez, errenta txikienei eta langabeei laguntzeko errenta baten alde egin du. Hain justu, EAEn indarrean dagoen Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jarri dute adibide gisa.

Emakumeak lan munduan barneratzeko neurriak ere proposatu dituzte, tartean haurreskolak eratzea, familia eta lanbidea bateragarri egiteko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Pablo Iglesias politikari ohia