Ekonomia -
Europako Kontseilua
Bizkaiko Golkoaren itsas azpiko lotura energetikoa aztertuko du EBk
Egitasmoak “lehentasuna” duela berretsi dute Espainiak, Frantziak, Portugalek eta Europako Batzordeak. Horrela, lotura energetikoak otsailean landuko dituzte Rajoyk, Hollandek eta Passos Coelhok.
Erredakzioa
Euskadi eta Akitania lotuko dituen itsas azpiko kablearen bideragarritasun azterketak egiten ari dira Bizkaiko Golkoan. Egitasmoa 2020an bukatuta egotea espero dute eta 1.900 milioi euroko kostua izango du proiektuak.
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea, Francois Hollande Frantziako presidentea, Pedro Passos Coehlo Portugaleko lehen ministroa eta Jean-Claude Juncker Batzordeko presidentea bildu dira Europako Kontseilua hasi baino lehen. “Lehentasunezko” egitasmoa dela berretsi dute lau buruzagiek.
Lau agintariak Iberiar Penintsularen eta Europaren arteko lotura energetikoak bultzatzeko bildu dira, Moncloako iturriek jakitera eman dutenez.
Lotura horiek lantzeko goi-bilera bat otsailean egitea adostu dute Rajoyk, Hollandek eta Passos Coehlok.
Bruselan, urtarrilean, bilera antolatu nahi du Batzordeak Espainiako, Frantziako eta Portugaleko argindar sareen arduradunekin, lotura energetikoak bultzatzeko eta izapide burokratikoak errazteko, EBko iturriek jakitera eman dutenez.
Europako buruzagiek Junckerren planari babesa ematea espero da goi-bileran, eta 2015eko ekainean martxan jartzea eskatuko dute, baina finantzatu behar dituzten proiektu konkretuak ez dituzte oraindik zehaztuko.