Ekonomia -
Tutera
BASFeko langileek itxialdiarekin jarraituko dute Eguberri egunean
Hilaren 17tik daude greban; Tuteran dagoen lantegiaren salmentaren gaineko informazioa ari dira eskatzen.
Erredakzioa
Tuteran BASFek duen lantegiko langileek Gabon gauean enpresan hasitako itxialdiarekin jarraituko dute Eguberri egunean. Abenduaren 15etik egiten ari diren mobilizazioetako beste bat izango da itxialdi hau; izan ere, lantegiaren salmentaren gaineko informazioa ari dira eskatzen.
Abenduaren 17tik daude greban langileak, eta asteartean enpresak Tarragonan dituen instalazioetara joan ziren Nafarroako lantegiaren salmentarekin ados ez daudela adierazteko eta zuzendaritzari informazio sakonagoa eta bideragarritasun plan bat eskatzeko. Horrela adierazi du UGT sindikatuak agiri batean.
UGTren arabera, eta lantegia enpresa talde ezezagun bati salduko ziotela esan ostean, abenduaren 9an bilera bat egin zuten. Bertan, zuzendaritzak ez zien informaziorik edo bermerik eman ordezkari sindikalei.
Konpromiso sendorik ez
Une honetan, eta elkarretaratze batzuk egin ostean, langileek ez dute oraindik konpromiso sendorik jaso; hori dela eta, itxialdia ari dira egiten lantegian, Gabon gauean, 19:00etatik aurrera, eta Eguberri egunean, euren familiek lagunduta.
BASFek Tuteran duen lantegiak 25.000 metro koadro eta 21 langile ditu, eta XPSa ekoizten du; eraikinen isolatze termikoan erabiltzen da, gehienbat, XPSa.