Ekonomia -
Lan-gatazka
Inplikazio falta leporatu diote Celsa Atlanticeko langileek Urkulluri
Celsa Atlanticek bi lantegi ditu Araban, bata Gasteizen eta bestea Urbinan. Hilaren 7an ziren lanera itzultzekoak, baina zuzendaritzak hilaren 21era atzeratu zuen langileen itzulera.
Erredakzioa
Celsa Atlantic enpresako langileek (lehen Laminaciones Arregui zena) “inplikazio falta” leporatu diete EAEko erakundeei, eta euren enpleguak defendatzeko eskatu diote Urkulluren Gobernuari.
Celsa Atlanticek bi lantegi ditu Araban, bata Gasteizen eta bestea Urbinan. Hilaren 7an ziren lanera itzultzekoak, baina zuzendaritzak hilaren 21era atzeratu zuen langileen itzulera.
2012. urtean, zuzendaritzak enplegua erregulatzeko espedientea aurkeztu zuen, Celsa Altanticeko 352 langileak kaleratzeko asmoz. Ordutik, mobilizazioak, grebak eta salaketak izan dira. 2014. urtean, epaileak arrazoia eman zien langileei, kaleratzeak baliogabetzat joz. Hortaz, 90 langile itzuli beharko dira Celsa Atlanticera.
Enpresa batzordeak ohartarazi duenez, baina, zuzendaritzak ez du oraindik lan-gatazkarekin amaitzeko konpromisorik erakutsi, nahiz eta langileek “irtenbide bideragarri bat” emateko oinarriak aurkeztu dituzten.
Enpresa batzordeko presidenteak langileekin bat egiteko eskatu dio Urkulluren Gobernuari. “Aurrera egin behar dute, enplegua modu aktiboan defendatu, eta bi lantokien bideragarritasunaren alde egin”, berretsi du.