Ekonomia -
Nekazal zahartzea
Belaunaldi-ordezkapena bermatzeko neurriak eskatu ditu ENBAk
Gipuzkoako nekazal sindikatu horren arabera, datozen urteetarako erronka nagusia gazteen ordezkapena bermatzea izango da. Hori dela eta, programa zabalagoak eskatu dizkie erakunde publikoei.
Erredakzioa
Gipuzkoako ENBA nekazal sindikatuak Batzar Orokorra egin du igande honetan Urnietako Salesiatarretan. Iñaki Goenaga elkarteko presidenteak azpimarratu duenez, erakunde publikoek politika berriak sustatu behar dituzte nekazal-ustialekuetan belaunaldi-ordezkapena bermatu ahal izateko.
Batzarrean sindikatuaren kideak eta hainbat ordezkari politikoak bildu dira, tartean, Urnietako alkate Mikel Pagola, Foru Aldundiko Nezazal Saileko zuzendari Koldo Lizarralde eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako sailburuorde Bittor Oroz.
Sektorearen hainbat datu eman ostean, datozen urtetarako sindikatuaren helburu nagusia gazte-politika izango dela iragarri du Goenagak. Hori dela eta, erakundeei zuzendu zaie, ordezkapena bermatzeko neurriak eskatzeko, "programa ausartagoak, zabalagoak eta osatuagoak", alegia.
Goenagaren esanetan, "baserriak etorkizuna izan dezan, norberaren etxetik hasi behar dugu". Haren iritziz, "gure ustialekuaren etorkizuna etxeko gazteekin adostu ostean, erakundeen aldetik ere ekimen hauek babesteko eta sustatzeko babes zabala eta osatua eskatu behar dugu".
Bestalde, "tokiko produktuarekiko eskaera eta sentsibilitate handiagoa atzeman dugu euskal kontsumitzaileengan", gaineratu du Goenagak, "eta horrek gure ustialekuen errentagarritasunean izango du eragina, baldin eta kontsumitzaileen eskaerei egokitzeko gai bagara".