Ekonomia -
Lan Gatazka
Bizkaibuseko aferan 'batasun sindikala haustea' egotzi dio ELAk CCOOri
Iker Bergaretxe Bizkaiko Garraio zuzendariak Bizkaibuseko CCOOko ordezkariak hartuko ditu bihar. ELAk sindikatu guztiekin batera biltzea aldarrikatu du.
Erredakzioa
Bizkaibuseko CCOOko ordezkariak bihar Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio zuzendariarekin, Iker Bergaretxerekin, egitekoak diren bileraren aurrean, ELAk "batasun sindikala haustea" egotzi dio CCOOri. Sindikatu guztiekin batera bilera bakarra egitea eskatu dio ELAk Foru Aldundiari.
Biharko bileran aferari irtenbide bat eman nahi diotela aurreratu du CCOOk.
Gaur kaleratu duen agiri baten bidez, Foru Aldundiaren eta CCOOren jarrera salatu du ELAk. Sindikatu abertzaleak gogoratu duenez, 2013ko urrian eta 2014ko azaroan sindikatuek Aldundiarekin hitzartutakoaren arabera, esleipena duten enpresek hitzarmenak eta akordioak errespetatu eta lanpostuak mantendu behar dituzte.
ELAren irudikoz, sindikatu guztien batasunari esker lortu ziren akordio horiek. 2013an eta 2014an egindako grebak nabarmendu dituzte, borroka horren lekuko.
Iazko abenduan Foru Aldundiarekin izandako bileran Garraio zuzendariak ELAri eman zion txostenean ez daude jasota akordioetan adostutako hainbat puntu, ELAk salatutakoaren arabera.