Ekonomia -

Greziako hauteskundeak

Europako burtsek lasai hartu dute Syrizaren garaipena

Merkatu nagusiak zenbaki berdetan daude Greziako hauteskundeen ostean. Ibex 35ek % 0,21eko igoera du.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako burtsek lasaitasunez eta hazkunde txikiekin hartu dute Greziako hauteskundeak Syriza alderdiak irabazi izana.

Horren ildotik, 11:30ean, Espainiako adierazle nagusiak, Ibex 35ek, % 0,21eko hazkundea izan du (10.603 punturaino), saio hasieran % 0,375eko galerak izan baditu ere.

Hazkunde handiena ondokoek izan dute: Sacyr (% 4,56), Abengoa (% 3,87) eta Gamesa (% 3,73). Bestalde, Repsolek (% -1,89), Indrak (% -0,79) eta Santanderrek (% -0,66) izan dituzte galera handienak.

Europako gainerako burtsetan, zenbaki berdeak zabaldu egin dira. Horren haritik, Parisek % 0,24 egin du gora, eta Frankfurtek, % 0,69. Milanek bakarrik egin du behera; % 0,34, hain zuzen ere.

Bereziki aipagarria da Atenasko burtsa. Izan ere, % 5eko galerekin hasi du saioa, baina Syrizak eta eskuineko nazionalistek Gobernu akordioa iragarri eta gero, leundu egin du jaitsiera, eta % 1 inguru ari da behera egiten.

Diru-merkatuan, euroa 1,11 dolarrean salerosi dute saio hasieran (maila baxuena, 2003ko apiriletik), baina 1,12 dolarrera igo da ondoren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia albisteak Gaurko azken ordukoa Burtsa gaur